Saltokia zabaltzera joan denean jabetu da Fanny Mosqueira bera gertatutakoaz; kanpoko pertsiana itxita zegoen, eta berau zabaltzeko zailtasunak izan ditu. Barruko atea ere itxita zegoela zirudien, baina haraino iritsi denean, manila (helduleku) barik eta atea zabalik zegoela ikusi du, eta barruko guztia aldrebestuta, jantziak-eta lurrean botata, eta abar.
Hatz-markak
Guztia zegoenetan laga, ezer ukitu barik ,eta berehala abisatu dio Ertzaintzari. Haiek etorri eta barrura sartu dira ere. Ikusita saltokia zegoela barruan egon diren ezezagunek lagatako moduan, hatz-markak hartzera etor daitezen abisatu diete Ertzaintzako lankideei, ea horren bitartez lapurrak identifikatzerik baduten.
Hiru bider
Disgustu handia hartu du Fanny Mertzeriako ugazabak gertatutakoa dela-eta. “Bederatzi hilabete besterik ez daramatzat hemen, eta dagoeneko hona etortzen diren hirugarren aldia da. Nik lana besterik ez dut egin, egun osoa lanean ematen dut familia aurrera ateratzeko”, zioen malko artean.
Kanpotik pasatzen ziren herritarrek ere euren kezka eta haserrea partekatu dute: “Baina berriro!”; “ez dago eskubiderik!”; “zerbait egin beharko da ba!”, zioten, Fanny Mosqueirari animoak emateaz batera.
Itxaropenan ere bai
Izan ere, joan den eguenetik gaur arte, hiru lapurreta saiakera izan dira herrian (gaurkoa saiakera baino gehiago): Fanny Mertzerian birritan izan dira, eta domeka goizaldean Itxaropena elkartean sartzen ahalegindu ziren.