Fanny Mertzerian lapurreta egiten ahalegindu dira

Ubane Madera 2018ko mai. 3a, 12:20
Fanny Mertzeria dendaren pertsiana, indarrez zabalduta, gaur goizean.

Fanny Mertzeriaren kanpoko pertsiana erdi zabalik eta barruko atea indarrez zabaltzeko zantzuak zituela azaldu da gaur goizean. Zorionez, horraino iritsi dira ustezko lapurrak, eta ez dute lortu saltokira sartzerik. Saltoki horrek aurten izan duen bigarren lapurreta saiakera izan da gaurkoa.

Soraluzeko Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, Fanny Mertzeriaren kanpoko pertsiana indarrez zabaldu dute gaur goizaldean ezezagun batzuek, eta denda barrura sartzen ahalegindu dira, barruko ateak bazituen-eta, indarrez zabaltzen ahalegindu izanaren zantzuak. “Baina uste dugu zerbaitengatik-edo alde egin behar izan dutela, ze ez dira dendara sartu”, esplikatu du Gotzon Odriozola udaltzainburuak.

Goizaldean izan da hori. Eta goizean, zerbait gertatu dela jabetu eta berehala abisatu dio udaltzaingoak Ertzaintzari. Bai bata zein bestea, segurtasun indar bietako poliziak izan dira Fanny Mertzerian, gertatutakoa ikertzen. 

Ez da lehen aldia saltoki horretan lapurreta egiten ahalegintzen direla. Hala egin zuten, baita ere, aurtengo martxoan. “Orduan ile-apaindegian sartzen ere ahalegindu ziren”, kontatu du udaltzainburuak. 

Ile-apaindegian

Are gehiago, Ainhoa ile-apaintzaileari berari galdetuta, kontatu du iaz birritan ahalegindu zirela bertan sartzen, eta behin barruraino sartu zirela lapurrak: “Makinilla bat, bufanda batzuk eta kutxan nituen xentimo batzuk eraman zituzten, ez da-eta dirurik egoten hemen. Hori bai, diru-kutxa apurtu egin zuten”.

Oraingoan, bakarrik Fanny Mertzeria dendan ahalegindu dira lapurretan. Inguruan galdetuta, Josu bitxi-dendan, San Andres iturgintzan, Ainhoa ile-apaindegian eta Txuritxun, kontatu dute ezetz, oraingoan ez direla ahalegindu.