Freskagarriak eta litxarreriak Sorako kamisetaz jantzitakoei

Ubane Madera 2018ko mai. 4a, 09:10
Sorako futbol taldeko jokalariak.

Bihar, zapatua, partidu garrantzitsua dauka Soraluze Futbol Taldeko gorengo mailako ekipoak. Liga bukatzeko bi partidu bakarrik falta direnean, jaitsierako postuetatik gertuegi daude; hori horrela, Beasainen kontrako norgehiagoka ikustera Sorako kamisetaz jantzita doazen neska-mutikoei litxarreriak eta freskagarriak emango dizkiete.

17:00etan du Sorak Beasainek kontrako partidua, zapatuan. Zazpi puntuko aldea ateratzen dio Beasainek etxeko taldeari; hain justu, sailkapenean 6. lekuan dago Beasain, 41 punturekin; eta 10. lekuan dago Sora 34 punturekin. Beraz, partidu nekeza du etxeko taldeak.

"Etorri animatzera!" 

Horren jakitun eta jaitsierako lekuetatik Sora gertuegi dagoela-eta, zapatuko partidura herritarrak animatzera joan daitezen pizgarritxo modura, Soratik iragarri dute litxarreriak eta freskagarriak oparituko dizkietela partidura Sorako kamisetarekin jantzita doazen neska-mutikoei, “etorri Ezozira Sora animatzera!”, diote Soratik. 

Gaur gaurkoz, puntu gutxiko aldea dute gorengo mailako sailkapenean azken postuetan dauden 7 taldek. Ordizia da azkena, 21 punturekin. Baina haren ondoren datozen taldeek oso puntu gutxiko aldea dute bata bestearekiko, hortik arriskua: Aretxabaleta (28 puntu), Ikasberri (29 puntu), Antzuola (29 puntu), Zestoa (30 puntu), Bergara (31 puntu) eta Sora (34 puntu).

Bestelako taldeei dagokienez, berriz, kadete mailakoek hasiko dute biharko jarduna, Aretxabaletako UDA taldearen kontra, 10:30ean. Infantilen txanda izango da ondoren, Luberriren kontra, 14:00etan. Gero jubenilena, 16:00etan, Ikasberriren kontra, kanpoan; eta zapatuko azkena da gorengo mailako taldearen partidua.

 

Erlazionatuak