Domekan esango diote agur aurtengo futbol eskolari

Ubane Madera 2018ko mai. 2a, 16:24
Gabonetan Soraluzen jokatutako txapelketako argazkia.

09:30ean hasita eguerdira bitartean, jokalari gaztez beteko da Ezoziko futbol zelaia, domekan. Sorako Futbol Eskolaren azken jarduna izango da domekakoa, eta 2006an, 2008an, 2009an jaiotako 40 bat mutikok partiduak jokatuko dituzte Elgoibarko taldeen kontra.

Domekan bukatuko dute ikasturtea Sorako Futbol Eskolan aurten ibili diren neska-mutikoek: 2006-2007-2008 eta 2009an jaiotakoek, alegia. Salbuespen batekin: 2007koek jokatu beharreko azken jardunaldiko partidua maiatzaren 20ra atzeratu dute, aurkari izango den Legazkiko talde Ilintxak horrela eskatuta.

Partiduak

Kontuak kontu, domekan da futbol eskolako azkeneko jardunaldia. Eta nor baino nor ibiliko dira Sorako 40 bat mutiko, bakoitza bere mailan, Elgoibarko taldeen kontra: “2008-2009ko hiru talde ekarriko ditu Elgoibarrek eta 2006ko talde bat” esplikatu du Alex Rodriguezek, Sorako Futbol Eskolako arduradunak.

Partiduen ordutegia honakoa da:

  • 2009koek 09:30ean jokatuko dute
  • 2008koek 10:30ean 
  • 2006koek 12:00etan

Kanpora joateko gonbitak

Domekakoa eginda, baina, ez diote futbolean jokatzeari utziko Sorako neska-mutikoek, izan ere dagoeneko jaso dituzte bestelako txapelketa batzuetan parte hartzeko gonbitak: “Soraluzen Gabonetan egin genuena moduko gehiago egiten dituzte Aste Santuan eta udan, ekain inguruan, beste batzuk”, azaldu du Rodriguezek.  

Hori horrela, 2007koek dagoeneko jaso dute gonbita Zarauzko futbol eskolaren agur jardunaldian parte hartzeko, eta besteak beste, 2008koek Donostiakora eta Harokora joateko.