“Motorzale okupa basati horiek zutarri ondotik ibiltzen direnez eta agintariek, nahiz eta salaketa asko eduki ezer egiten ez dutenez, lur zati handi bat ixtea erabaki dugu. Azkenean dena hondatu eta bota egingo dutelako. Orain ixtea erabaki duguna baino gehiago ixtea zen gure asmoa; une honetan, baina, argazkiko zatia itxiko dugu bakarrik”, esplikatu dute mendi-gaineko lurren 28 hektarearen jabe diren Martin eta Julian anaia osintxuarrek.
Mendi-bideetan ere ez
Bide batez, apirilaren 9an, Pol-Pol iturri inguruan motorren ibilerak salatuaz argitaratutako artikuluan jasotako erantzunaren harira (Mendigainian motorrian ezindala ibili danok dakigu. Baina pistetan bez ezinda ibili?) honakoa azaldu nahi dute ezenarrotarrek: "1995 Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako legearen arabera landareei edo lurrari min eginez gero, debekatuta dago motorrean ibiltzea; animaliak molestatuz gero, mendian dabilen pertsona molestatuz gero… debekatuta dago. Mendi pistak baserritarrek basogintzarako eginda daude, eta hortaz, izaera pribatua dute. Bestalde, 1997an parke naturalistiko modura dago izendatuta eremu guztia, ondare kulturala edo inmateriala, ondare geologikoa ere bai, sumendia delako, trikuharriak dituelako e.a.".