“Ezin da onartu mendigaina moduko toki zoragarrian motorrak horrela ibiltzerik”

Egoitz Unamuno - Ubane Madera 2018ko urt. 20a, 08:13

Motordunen arrastoa Irukurutzetako inguruan.

Mendigainean motordun ibilgailuak dabiltzala eta, bere kexua helarazi digu herritar batek. Gertatzen denaren jakitun izan arren, salatu du instituzioek ez dutela inolako neurririk hartzen.   

Herritar honek bidalitako irudiak Irukurutzetakoak dira, urtarrilaren hasierako egunetan ateratakoak. Bertan ikus daiteke motorrek elurretan egin zuten zuloa, lurra aztartzerainokoa. J.E. herritarraren ustez “ez da onargarria halako inguru ederrean horrela ibiltzea, sekulako zarata ateratzen dute eta edozein lekutatik ibiltzen dira dozein modutan. Gainera, Karakateko mendigaina babestuta dago, bertan dagoen ondare megalitiko aberatsagatik eta baita kanal ekologikoa delako ere”.

Herritarrak salatu duenez, behin baino gehiagotan bidali ditu salaketa gutunak Aldundira, eta udaletxean ere eman du gertatzen ari denaren berri, “baina gaur arte, inork ez du ezer egin”. Debeku plakak jarriko zituztela hitzeman omen zieten Aldunditik, baina oraindik ez omen dute ezer ipini.

Inguruko herrietako herritarrei zuzenduz, eskatu die mendigaina zaintzeko ardura har dezaten eta udaletxean salatu ditzaten halako gertaerak.  

Mendi-ibilbideetan seinaleak 

Iker Aldazabal alkatearekin harremanetan jarrita, hark esplikatu du egoeraren jakitun direla. Azpimarratu du berez egon badagoela Karakaten halako jarduera debekatzen duen seinalea. Era berean, gaineratu du Soraluzeko Udalari dagokionez, eta bere eskumenekoak diren lurretan debeku seinaleak ipini behar dituztela: "Herritik mendigainera dauden ibilbideetan motordun ibilgailuak debekatuta daudela jartzen duten seinaleak ipiniko ditugu. Eskatuta daude. Adibidez, Urkia Zelaiko bi txabolen artean..."

Alkateak gaineratu du, edozelan ere, motorretan ibiltzen diren gehienek badakitela "bekatuan" dabiltzala. "Gu sarri joaten gara mendigainera, eta motorrekin topo egin izan dugu. Arreta eman izan diegu, baina edo kontra egiten dute edo ihes egiten dute. Besteak beste, Udalak inguruko lursailak erosteko beste arrazoi bat ere bada halakoei aurre egiteko zilegitasun handiagoa izatea", kontatu du Aldazabalek.