14 bikotek eman du izena Asierren eta Iñakiren omenezko pilota txapelketan

Ubane Madera 2018ko api. 6a, 12:00
Asierren eta Iñakiren txapelketako irudia.

Iaz baino bi bikote gehiagok eman du izena Asierren eta Iñakiren Omenezko XVII. Pilota Txapelketan. Guztira, 14 bikotek jardungo dute, bada, aurten lehian. Atzo, eguena, egin zuten bikoteen zozketa eta etzi, domeka, hasiko dira pilotak probatzen, San Andresko frontoian, 17:00etan.

Oraingo domekan pilotak probatzeko aukera izateaz aparte, apirilaren 15ean eta 22an ere gauza bera egingo dute, aipatutako leku eta ordu berean.

Luzatu 

Izan ere, asmoa zen txapelketa bera pilotak probatzeko azkeneko egunaren ondoren, apirilaren 23an hastea, uztailaren 7an bukatzeko. Baina pentsatzen zutena baino lagun gehiago animatu dira parte hartzera. “Iaz baino lau pertsona gehiagok eman du izena. 12 bikote espero genituen eta 14 dira. Eta ondorioz, txapelketa apur bat gehiago luzatu beharko dugu akaso”, esplikatu du Koldo Herizek, Asier Heriz zenaren anaiak. 

Hori horrela, litekeena da txapelketari dagozkion datetan aldaketaren bat egin behar izatea. Hala eginez gero, helaraziko dute beharrezko informazio guztia.

Presoen etxeratzea

Edozein modutan, etorri badator Asierren eta Iñakiren omenezko pilota txapelketa. 17. edizioa izango du aurten. “Urte guzti hauetan, pilota txapelketa honen bitartez, euskal presoek eta beraien senideek jasaten duten dispertsio politika hiltzailea salatu eta presoen etxeratzea aldarrikatu dugu. Salaketa eta aldarrikapenez gain, giro herrikoia duen pilota txapelketa parte hartzailea dugu hau”, adierazi dute antolatzaileek.