Bukatzear dago Soraluze sarrerako biribilgune berria, GI-627 errepidean, udalerriaren hegoaldera sarbide zuzena bideratuko duena.
Pareta egonkortzea
Urte hasierarako ziren obrak bukatzeko, baina mendiaren pareta hobeto eutsi beharra zegoela eta lanak luzatu egingo zituztela azaldu zuen Diputazioak, eta horretan jardun dute, besteak beste, hilabeteotan. Era berean, 72.000 euro pasako inbertsio gehigarria ekarri du pareta egonkortzeak.
Biribilgune berriak sei metroko diametroa du eta GI-627 errepidearen 51,980 puntu kilometrikoan eraiki dute, Hirukurutzeta izeneko gunean.
Bertan errebuelta egiten duen mendiari jan diote pusketa azpiegitura berriari lekua egiteko. Hain justu, abenduan leherketak baliatuta egin zituzten lur mugimendurik handienak.
Egitamu Orokorrean
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez eta Soraluzeko Udalaren Egitamu Orokorrean jasotakoaren arabera, egin dute biribilgunea Soraluzerako hegoaldeko sarreran.
Diputazioko zein Soraluzeko Udaleko ordezkariek azpimarratu izan duten moduan, biribilguneak herri barruko zirkulazioa arinduko du, eta gaur egun Carmelo Mendizabalen norabidea aldatzeko egiten den “maniobra arriskutsua” saihesteko aukera ere emango du. Alkateak azpimarratu duenez, “hauxe da iaz aho batez onartu zen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aurreikusitako egitasmoen artean gauzatuko den lehena”.