Olanok zehaztu du, lau hilabete inguru beharko dituztela errotonda egiteko, eta, beraz, urte amaierarako errotonda amaituta izatea espero dutela. Aldundiak 465.235,26 euro bideratuko ditu errotonda eraikitzeko lanetara.
Errotonda eraikiko dute GI-627 errepidearen 51,980 kilometroan; Irukurutzetako bihurgunean, Sologoen elektra etxea baino aurreratxoago. 36 metroko diametroa izango du, eta “mendiari zatitxo bat jatea” ere beharrezkoa izango dela zehaztu du Oiarbidek. (Ikus planoa)
Aldundiko ordezkariek eta Alkateak adierazi dutenez, errotondak herri barruko trafikoa arinduko du, eta gaur egun Carmelo Mendizabalen norabidea aldatzeko egiten den “maniobra arriskutsua” saihesteko aukera ere emango du. Alkateak azpimarratu duenez, “hauxe da iaz aho batez onartu zen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aurreikusitako egitasmoen artean gauzatuko den lehena”.
Ezoziko zelairako bidean argia
Aldundiko eta Udaleko ordezkariek lan saioa egin dute goizean, eta, jakinarazi dutenez, bertan, “udalerriaren eskari historiko bat” landu dute: Ezoziko futbol zelairako bidea argiztatzea. Gainera, bidea bertatik bertara ikusteko, Aldundiko eta Udaleko ordezkariak Ezoziko futbol zelaian izan dira. Ahaldun Nagusiak “hitzeman” du, legegintzaldia amaitu baino lehen, Aldundiak Ezoziko futbol zelairako bidea argiztatzeko lanak bideratuko dituela, “inguru horretan segurtasuna bermatzea beharrezkoa delako”. (Ikus bideoa)