Kiroldegiari solairu bat gehituko diote, terraza txikiaren gainean

Ubane Madera 2017ko abe. 20a, 09:58
Udal Gobernua aurrekontuaren alde bozkatzen.

5.014.674 euroko aurrekontua izango du Soraluzeko Udalak 2018rako. Bestela esanda, aurtengoa baino %13,98 handiagoa izango da. Hortik 954.451,94 euro baliatuko dituzte inbertsioetarako. Eta azken horien artean, inbertsio izarra kiroldegian egingo dena izango da: 500.000 euro. EAJren eta PSE-EEren aldeko eta EH Bilduren kontrako botoekin onartu zen aurrekontua. Oposizioak emendakin partziala aurkeztu zion Udal Gobernuaren aurrekontuari. 

“Bi urte luzeotan herriko beharrak eta gabeziak ondo aztertu ondoren, gure asmoa izan da behar-defizit horiei bide ematea 2018ko aurrekontuan. Inbertsioen bitarteaz emango diegu bide beharrei. 2018ko aurrekontu proiektua, benetan proiektu indartsua izango da”; hala aurkeztu zuen atzoko osoko bilkuran Iker Aldabazabal alkateak 2018rako Udal Gobernuak proposatutako aurrekontua.

Ia milioi bat euro inbertsioetarako

Eta aurkezpen hori babesteko datu ekonomikoak baliatu zituen hark; batetik, iragartzeko aurtengoarekiko %13,98 handiagoa izango dela 2018ko aurrekontua; eta bestetik, inbertsioak oso esanguratsuak izango direla. Kopuru osoa izango da aurten baino %102,32 handiagoa: 954.451,94 euro; eta kopuru horretatik zatirik handiena kiroldegira bideratuko du Soraluzeko Udalak.

Inbertsioak

Hain zuzen ere, inbertsioei dagokienez, handitik txikira zerrendatu zituen alkateak nabarmenenak:

  • 500.000 euro bideratuko ditu kiroldegiko terrazari solairu bat gehitzeko, eta horrela, kiroldegia bera handitzeko. “Herri erdi-erdian dago kiroldegia; Gaztelupetik gertuen dagoen terraza laua da, apenas erabiltzen da, eta kiroldegiak dituen behar kulturalak zein kirolari dagozkionak aztertuta, Udal Gobernuak terraza horri solairu bat gehitzearen aldeko apustua egiten du, eta horrek 500.000 euroko inbertsioa eskatzen du. Horrekin herrian dagoen kulturako eta kiroleko espazioen defizitari aurre egitea da asmoa. Gaur egun kiroldegiko areto guztiak beteta daude, eta erabili egiten dira (…). 500.000 euroko inbertsio hori egiteko, erdia, 250.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak emango du zuzeneko diru-laguntza modura, akordio politiko bati esker. Gainontzekoa Udalaren kargu izango da (…). Proiektua idatzita dagoenean zehaztuko dugu ze aukera dagoen espazio berriaren erabilerari dagokionez”, jakinarazi zuen Iker Aldazabalek.
  • 162.032 euro bideratuko ditu, berriz, Errabal kalea urbanizatzeko. “2015ean aurreikusten zen proiektua gauzatzea; diru-laguntzak ez ziren iritsi, eta orain, Udal Gobernuak, berezko fondoekin proiektu hau gauzatuko du”, esan zuen alkateak. Helburua da, herriko inguruko bestelako kale batzuek moduan, plataforma bakarrean ipintzea Errebal ere: Gaztelupe aurretik hasi (bertako irisgarritasun eskasa hobetzeko) eta Errabal 8raino (autobus geltokia dagoen lekuraino).
  • Gizarte politiketara bideratuko du, bestalde, 56.260 euro. Hain zuzen ere, Frontoiko 5. zenbakiko etxebizitzak egokituko dituzte partida horrekin, Jaurlaritzak ezarritako Gizarte Zerbitzuen baitan izan litezkeen beharrei aurre egiteko, Eibar-Soraluze esparru modura. Eta puntu berean, 19.000 euro bideratuko ditu Udalak zerbitzu sozialen mapa egiteko.
  • Bestalde, garrantzia estrategikoa duen azpiegitura baterako beste inbertsio bat ere iragarri zuen alkateak: 24.000 eurokoa. Sologoeneko zentral elektrikorako izango da: 12.000 euro zentralaren mantenu lanetarako eta beste 12.000 euro haren gaineko aholkularitza lantzeko. Horrekin batera, beste 29.000 euro azpiegitura berera bideratu dute, 2017. urtea bukatu aurretik. Alkateak esplikatutako moduan, abuztuaren 9az geroztik zentralaren jabe da Soraluzeko Udala, eta zentral horrek argindarra ekoizten d, gero Udalak argindarra saldu egiten du, eta egindako azterketen arabera, inbertsio batzuk eginda, gaur egun jardun horren bitartez lortzen den errentagarritasuna handitu egin daitekeela eta erabaki dute bertan inbertitzea. Herriarendako proiektu estrategiko modura aurkeztu zuen alkateak zentralaren jabetza eta haren etorkizuneko erabilera.
  • Hezkuntza proiektua: 40.000 euro. Hor zehaztuta dauden proiektuak garatzeko. Zentzu horretan, aurtengo urteko adibiderik garbiena da Estaziñoko parkea.
  • 30.000 euro: landa-gunean inbertsioak egiteko. Urtean zehar joango dira beharrak zehazten.
  • Beste 30.000 euro lagapen eran Udalari jabetzan emandako etxeak botatzeko. Horren barruan, esaterako, Atxuriko 21. zenbakiko etxea botatzeko asmoa du Udalak, ibaiaren beste aldera iritsiko den zubia eraiki ahal izateko bertan.
  • Bukatzeko, 7.000 euroko inbertsioa ere aipatu zuen alkateak, mendi-gaineko dolmenen ibilbidea balorean jartzeko.

Mailegua eskatuko du

Inbertsioa horiek guztiak eta orokorrean, aurrekontua finantzatzeko fondo propioak baliatuta 472.528,94 euro finantzatuko ditu Soraluzeko Udalak; beste 271.923 euro diru-laguntza bitartez finantzatuko dituzte eta kontuak borobiltzeko 210.000 euroko mailegua eskatuko du.

Bestalde, aurrekontuarekin bukatzeko, gastuen atalari ere egin zion aipamena Iker Aldazabalek. Jakinarazteko gasturik handiena, orokorrean, kiroldegiko zerbitzuaren adjudikaziora bideratuko dutela. Hain justu ere, BPXPort enpresak kudeatuko du datozen urteotan kiroldegia, eta zerbitzu horren kostua %32,60an handitu da, bateaz ere, bertako langileen soldatetara bideratzeko.