Eztabaida beroa, Udal Gobernuaren eta oposizioaren artean

Ubane Madera 2017ko abe. 20a, 10:49
Oposizioa aurrekontuaren aurka bozkatzen, atzo iluntzeko osokoan.

Aldeko sei botorekin (EAJ eta PSE-EE) eta kontrako bost botorekin (EH Bildu) onartu zuen udalbatzarrak datorren urteko aurrekontua. Are gehiago, EH Bilduk emendakin partziala aurkeztu zion Udal Gobernuaren proposamenari. Gai horrekiko eztabaida politikoa beroa izan zen EH Bilduren eta gobernuko bi alderdien ordezkarien artean. Oro har, EH Bilduk salatu zuen ez dutela marjinarik izan “ekarpen, moldaketak egiteko”. 

Sei puntuko idatzia helarazita azaldu zituen oposizioko alderdiak aurrekontuarekiko desadostasuna eta emendakina aurkezteko arrazoiak; Unai Larreategi bozeramaleak esplikatu zituen:

  • 1-      “Aurrekontuetan ez digute inolako marjinarik utzi ekarpen, moldaketak egiteko. Hain da exajeratua marjinarik eza, hiru Udal plenotan hartutako konpromiso bat ezin beteta ere gelditu direla. Etxebizitza planera bideratzea etxe hutsen errekargutik jasotako dirua”.
  • 2-      “Legegintzaldi osoko tonikak aurrera jarraitzen du. Diru-sarrerak handitzen doazen arren, gastu arrunta gehiago ari da handitzen udal zerbitzuetan, eta ondorioz, Udalaren aurrezpenerako gaitasuna txikitzen doa. Horrek zaildu egiten duelarik Soraluzen hain beharrezkoak diren inbertsioak egitea”.
  • 3-      Kiroldegirako 500.000 euroko inbertsioari dagokionez, batetik EH Bilduk salatu egin zuen Diputazioak 250.000 euro ematea Soraluzeri “a dedo”. Bestetik, 210.000 euroko mailegua eskatu beharra ere azpimarratu zuen. Eta hirugarrenik adierazi zuen EH Bilduren ustez halako inbertsio handiak udalerrirako “estrategikoak” izan litezkeen edo errentagarritasun ekonomikoa ekarriko luketen proiektuetarako erabili beharko liratekeela. “Proiektu hau EH Bilduren garaian ere erabili genuen esku artean, baina herrian lehetasunezkoagoak ziren beharrak zeudela iruditzen zitzaigunez ez genuen martxan jarri. Orain ere ez dugu uste garai egokia denik horretarako, baina itxuraz pisu gehiago dauka hauteskundeen aurretik inaugurazio ponposo bat egiteak herriari perspektiba estrategikoz begiratzea baino”, salatu zuen oposizioko bozeramaleak.
  • 4-      Bestalde, udalerriko langabezia-tasa altua (Gipuzkoako handiena) kronifikatzen doala uste du EH Bilduk eta horri aurre egiteko neurriak faltan igarri ditu aurrekontu proposamenean.
  • 5-      Etxebizitzek 2018an derrigorrez pasatu behar duten Eraikinen Inspekzio Teknikoa dela-eta, azpimarratuta herriko eraikin asko zaharrak direla, EH Bilduk “gai honi dagokion dimentsioz heltzeko” Udalaren ekinbidea ere faltan igarri du aurrekontuetan.
  • 6-      Alkatearen soldata “gehiegizkoa” iruditzen zaiela azpimarratu zuten beste behin, urtean 72.726 euroko gastua suposatzen duelako.

Inbertsio proposamenak

Emendakin berean, EH Bilduk bestelako inbertsio eta proiektu batzuk proposatu zituen; adibidez, U gaina estali eta bertan umeendako jolasak eta beste egokitzea; Sologoeneko zentralera esandakoa baino diru gehiago bideratzea, haren errentagarritasuna handitzeko eta diru-sarrera gehiago lortzeko helburuarekin; Soraluzeko Musika Eskolako leihoak aldatzea; udaletxeko teilatua berritzea eta formazio txikia duten langabeendako formazio plana, besteak beste.

Horrek guztiak, eta bereziki, EH Bilduren proposamenek alkatearen eta gobernukide den Patricia Borinaga sozialisten ordezkariaren haserrea piztu zuten.

"Galeriarentzat mintzatzen"

Biek ala biek oposizioari aurpegiratu zioten Ogasun Batzordean, aurrekontuaren lanketarako emandako 15 eguneko epearen barruan inolako proposamenik idatziz aurkeztu ez izana, eta bai, ordea, osoko bilkuran. Jarduteko modu hori “galeriarentzat mintzatzea” besterik ez dela esan zioten EH Bilduko ordezkariari. Eta salatu zuten euren ustez EH Bilduk ez duela “benetako asmorik izan adostasunak lortzeko”.

Idatziz aurkezteko "egokitasuna"

Unai Larreategik, berriz, horri erantzunez behin eta berriz azpimarratu zuen aurrekontuan aldaketarik-ekarpenik egiteko Udal Gobernuak lagatako marjinarik eza; eta adierazi zuen Ogasun Batzordean oposizioaren argudio pedagogiko berberak helarazi zizkiela gobernuko kideei.

Haiek (EAJk eta PSE-EEk) adierazi zioten (EH Bilduri) eurak oposizioan zeudenean idatziz aurkezten zituztela aurrekonturako proposamen edo emendakinak, “borondate ona balego idatziz aurkeztuko zenukete”, azpimarratu zuen Aldazabalek.

"Marjinarik ez"

Eta horri Larreategik disgustu handiarekin erantzun zion esanez lanketa handia egin zutela euren pedagogia Udal Gobernuari helarazteko; halaxe transmititu zutela Ogasun Batzordearen bi batzarretan, baina atzera ere azpimarratu zuen Udal Gobernuaren aurrekontu proposamenak utzitako “marjinarik eza” eta horrek ez diela utzi ekarpenak egiten.