Zer moduz galdera eginda, "oso-oso ondo", erantzuten du Ander de Luisek joan den domekako lasterketari buruz.
"Sasoi onean"
Hirugarren egin nuen, eta ez nuen espero, ze gainera, 300 lehiakide baino gehiagok parte hartu zuen lasterketan. Ordubete eta 11 minutuan bukatu nuen; lehenak minutu baino gutxiago atera zidan, eta bigarrenak, berriz, 35 segundo besterik ez. Hala ere, zaila da alde hori murriztea. Edozein modutan, disfrutatzea da inportanteena. Eta nik gozatu egiten dut. Gertatzen dena da sasoi onean nagoela, eta goian banago, ba hobeto”. Hala laburbildu du Ander De Luis korrikalariak joan den asteburuan Legution (Araba) jokatutako lasterketan egindakoa, Arabako koparako puntuagarria zen lasterketan, alegia. 16 kilometroko ibilbidea izan zuen aurrez aurre, Jarindo eta Albertia mendiak igotzea tartean. Hurrengo hitzordua domekan du, Galdamesen. Kilometro bertikalean oinarritutako lasterketan lehiatuko da; lehen aldia izango du ezaugarri hori duen lasterketa motan. Eta seguru azken lasterketatan erakutsitako indar bera erabiliko duela Galdemeseko lasterketan ere. Izan ere, gazte soraluzetarrak hiru lasterketatan parte hartu du, eta hiruretan lortu du podiuma egitea.