60 korrikalari ingururen artean eta 10 kilometroko ibilbidea aurrez aurre zuela, 00:47:02 denborarekin lortu zuen bigarren postua Ander de Luis gazte korrikalariak, domekan, Osintxuko II. Mendi Lasterketan. Lehenengo helmugaratu zenarekiko (Jon Alberdi zestoarra) minutu eta 38 segundoko aldea besterik ez zuen izan soraluzetarrak.
Gustura egindakoarekin
Zornotzan, berriz, 26 kilometroko lasterketan lehiatu zen bertako mendi lasterketan orain dela bi asteburu, eta han ere, bigarren helmugaratu. Han, baina, erronka nekezagoa izan zuen, besteak beste, 200 bat korrikalariren artean lortu zuen-eta bigarren iristea.
Gustura dago De Luis egiten diharduen lanarekin: “Pena ez dudala txapela lortu (Osintxun), baina bigarren postua lortzea pozik egoteko modukoa da. Zornotzan, berriz, ez nuen espero bigarren ailegatzerik. Hura zailagoa zen niretzat, ez nuen ibilbidea ezagutzen, jendea ere ez, eta ez nuen, beraz, erreferentziarik. Pentsa, gurasoei ez etortzeko esan nien, eta podiumera igotzea lortu nuenean pena eman zidan gero han inor ez egoterik. Osintxukoa, aldiz, errazagoa izan zen. Oso polita, gainera: parte hartzen zuten asko ezagutzen nituen, asko eta asko Bergarakoak ziren; ibilbidea ere ezagutzen nuen, Osintxutik birritan pasatzen zen lasterketa, eta han gainera, jendea zegoen ikusten eta animatzen, baita nire ama ere; horrek asko laguntzen du, hori oso polita da”, adierazi du De Luisek.
Friasen, 12 kilometrokoa
Lasterkari gazteak jakinarazi du Burgosen duela hurrengo erronka, Friasen, oraingo zapatuan. “12 kilometroko lasterketan parte hartu behar dut. Esan zidaten Frias oso polita dela eta banoa eguna pasatzera. Esperientzia berria izango da niretzat; ez dut ibilbidea ezagutzen, eta ezta beste inor ere. Hori bai, bakarrik joan beharko dut”.
Eta bi aste barru, berriz, Legution ibiliko da lehian. Ikusten denez, jardun eta jardun dihardu, gogotsu, “politak dira lasterketak”, dio 29 urteko soraluzetarrak.