Zergen igoera, Atxuriko zubia eta beste landu zituzten osoko bilkuran

Ubane Madera 2017ko urr. 11a, 19:04
Udalbatzako kideak bozkatzen.

2018an zergak %1,8 igotzea onartu zuen udalbatzarrak atzo, martitzena, osoko bilkuran. EH Bilduren abstentzioarekin gauzatu zen onespena. Gainontzeko puntu guztiak, mozioa izan ezik, aho batez onartu ziren. Hain justu, debate nagusia EAJk eta EH Bilduk Kataluniaren alde aurkeztutako mozioak eragin zuen. Hor PSE-EEk kontra bozkatu zuen.

Katalunian zer gertatuko zen jakin nahian, zinegotzi askoren begiradak sarri mugikorretara desbideratzen zirela egin zuten ordubete inguruko osoko bilkura atzo iluntzean. Mahai gainean 11 puntu (bat atzeratu egin zuten azken momentuan). Eta bi izan ezik, gainontzeko guztiak onartu ziren aho batez.

Zergak, %1,8

Besteak beste, 2018ko Ordenantza Fiskalak, oro har, %1,8 igotzea onartu zuten atzoko batzarrean. Bi salbuespenekin: hondakinen tasa eta kirol tasa. Azken bi horiek %8 eta %5 igoko dira, hurrenez hurren.

Hondakinen tasarendako %8ko igoera proposatzeko arrazoia da zerbitzu horrek azken urteotan Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateari eragin dion “gainkarga” edo defizita ezabatzea: 37.000 euro. 2018an tasa %8 igotzearekin parra geratuko dela jakinarazi zuen Iker Aldazabal alkateak.

Kirol tasei dagokienez, berriz, horietan %5eko igoera aplikatzea onartu zuten. Baina bakarrik urteko abonuei dagokienean. Kiroldegiko gainontzeko zerbitzuei igoera orokorra aplikatuko zaie, hau da, %1,8koa.

Kasu horretan, orokorra baino tasa handiagoa aplikatzeko arrazoiak bi dira: berez zerbitzu horrek duen defizita (60.000 euro inguru urtero), gehi urte bukaeran tokatzen dela kiroldegiko zerbitzuen kudeaketa kontratatzeko lizitaziorako deia egitea. Azken kasu horretan, eta bereziki jakinda kiroldegiko langileen soldatak ez direla igo azken urteotan, helburua da kiroldegiko kudeaketarako lizitazio prezioa 46.000 eurotan handitzea. Hori horrela, eta bi diru kopuruak batuta eragingo lukeen “zuloa” orekatzeko helburuarekin erabaki zuen udalbatzak %5eko igoera aplikatzea.

EH Bilduren abstentzioa

Hain justu ere, erabaki horrek eragin zuen EH Bilduren abstentzioa. Unai Larreategi bozeramaleak esplikatu zuen moduan, dauden defizit edo zuloak tasen igoerarekin orekatu nahi izatea ohikoa izan arren, horrek ekar lezake familiek “birpentsatzea” ea kiroldegiko bazkide egin edo ez. Larreategik adierazi zuenez, aurreko legealdian ikusi zuten halako neurriek ez zutela “funtzionatzen”, eta gaineratu zuen EH Bilduren ustez ildo nagusia izan beharko litzatekeela zerbitzuak erakargarriago egitea, bazkide gehiago lortzeko eta modu horretan egon litekeen defizita txikitzeko.

IBIaren errekargua

Bestalde, Ordenantza Fiskalen barruan onartu ez zen beste puntu bat ere izan zen: EAJk eskatuta, etxebizitza hutsei IBIaren errekargua kentzea. Baina EH Bilduk eta PSE-EEk kontra bozkatu zutenez, eskaerak ez zuen aurrera egin.

EH Bilduk bere aldetik, iaz hartutako konpromisoa gauzatu beharra aldarrikatu zuen: errekargu horren bitartez batutako dirua herrirako etxebizitza politiketan inbertitzea. “Iazkoa ez da aurtengo aurrekontura gehitu; beraz, konpromisoa ez da exekutatu”.

Patricia Borinaga sozialistak erantzun zion esanez arrazoia duela; hain justu, eta besteak beste, hauteskundeak tarteko, atzeratu egin zaiela gai horrekiko egin beharreko lanketa, baina badiharduela gaia lantzen, etxebizitza huts horiek merkaturatzeko helburuarekin.

Ildo beretik, Iker aldabazabal alkateak jakinarazi zuen azkenaldian, errekarguaren gaineko informazioa bidali dutenean, etxebizitza hutsa duen jabeari bertan gehitu diotela informazioa etxebizitza huts hori merkaturatzeko dituen aukeren gainean.

Kontuak kontu, Ordenantza Fiskalen puntua onartuta, zinegotzien artean ez zen bestelako eztabaidarik izan harik eta Kataluniaren aldeko mozioa iritsi arte.

Abonatu kopurua gora

Tartean, aho batez onartu zuten Udal kiroldegiko zerbitzuen kudeaketa lehiaketara ateratzea. Urte hasierarako nahi dute zerbitzuaren kudeaketa esleitu. Kontratuaren esleipena dute aurreikusita urtero 248.411,79 eurotan egitea. Eta bi urterako kontratua litzateke, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.

Gaur egun BPXport enpresak du lizitazio hori eskuratuta. Eta enpresa horrek egiten duen zerbitzuaren kudeaketarekin gustura azaldu ziren udal ordezkariak osoko bilkuran. Besteak beste, azpimarratu zuten 700etik 930era igo dela abonatu kopurua azken urteotan.

Edozein modutan, halako kasuetan egin behar denez, lehiaketa deitu dute eta edozein enpresa aurkeztu ahalko da bertara. Iragarkia BOGen argitaratu eta 20 egun naturaleko epea izango dute proposamenak aurkezteko.

Atxuriko zubia

Bestalde, alkateak jakinarazi zuen, baita ere, Olaldeko Egitamu Bereziari dagokion puzzlea osatzeko piezetako bat lortu duela Soraluzeko Udalak: Atxuri kaleko 21. Zenbakiko eraikina (goiko argazkian). Lagapen bidez eskuratuko du eta datorren urtean bota. 2018ko aurrekontuetan ahalbidetuko dute horretarako partida.

Olaldeko Egitamu Bereziaren arabera Atxuriko 21. Zenbakian eraikiko da ibaiaren alde bata zein bestea lotzeko zubi berria, Atxuriko zaharra ordezkatuko duena.

Alkateak gogora ekarri zuen Atxuriko oraingo zubia desegokia dela, bi arrazoirengatik: ez delako irisgarria (eskailerak ditu) eta ur handiak datozenean, zubiak dituen zutabeek presa efektua sortzen dutelako. Halaber, Aldazabalek eraikin hori eskuratzearen garrantzia azpimarratu zuen; izan ere horri esker, alderdi guztien artean adostutako Egitamu Orokorrean onartutako bigarren aktuazioa gauzatu ahalko dute: Irukurutzetako biribilguneko lanak hastea da bat, eta etxe hori eraistea da bigarrena.  

Eta besteak beste, osoko bilkurak emandakoarekin bukatzeko, Kataluniarekiko babesa adierazten zuen mozioa landu zuten zinegotziek. Hain justu, gai horren bueltan sortu zen batzarreko eztabaida nagusia, bereziki, EH Bilduren eta PSE-EEren artean.

Adostasun beharra

Laburbilduz, EH Bilduren ordezkariek 1936an alderdien artean (PSOE barne) Errepublikaren alde zegoen adostasuna aldarrikatu zuten, asteotan Kataluniaren bueltan ikusi diren frontismoen aurrean. “Badirudi berriro ere kataluniar eta euskal nazionalisten eta ez nazionalisten arteko borroka” irudikatzen dabilela, esan zuen Unai Larreategik, azpimarratuz “denondako hobeto” izango litzatekeela kataluniarren %80ak babesten duena gauzatzea zela posible egin lantzea. Gaineratu zuen Puigdemontek ezarritako prorrogak horretarako aukera zabaldu duela orain. Eta baita ere, ez dela egia kataluniarrek abiarazitako prozesuak eragin duela bertako gizartearen zatiketa, “hori ez dugu konpartitzen, zatiketa lehenagotik egon bazegoelako”.

Konstituzioa aldatzea

Patricia Borinaga sozialistak, berriz, mozioarekiko kontrako botoa arrazoitu zuen esanez legeak alda daitezkeela, baina handitik hasi eta txikira. Eta hori egiteko lehen gauza dela negoziatzea. “Gauzak ezin dira aldatu norberaren nahien arabera; hortik, adibidez, bestelako Konstituzio bat irtengo balitz, hori ere inposatutakoa izango litzateke”, esan zuen. Azpimarratu zuen Konstituzioa aldatzearen alde daudela, eta are gehiago, hori egiteko beharra ere ikusten dutela, eta hori dela bidea. “Lehenengo negoziatu egin behar da, gauzak aldatzeko. Nik ez nuen Konstituzio hori bozkatu eta uste dut badaudela hobetu beharrekoak. Zaila izango da adostasunak lortzea, baina meloi hori zabaldu egin behar da. Hori egin barik iritsi garen puntura iristearekin ez nago ados”.

Xabier Arribillaga EH Bilduko zinegotziak, besteak beste, erantzun zion Katalunian egindako guztia egin izan ez balitz, egoera ez litzatekeela egongo orain dagoen puntuan. “Begira egin behar den guztia berba egiten ahalegintzeko. Bestalde, nahi denean, segituan aldatzen da Konstituzioa”, gehitu zuen.