Abenduaren 3ko ospakizuna martxan

E. Unamuno 2016ko aza. 25a, 19:21

Pil-pileanek herriko beste talde batzuekin batera, egun osoko egitaraua prestatzen dihardu. Dagoeneko salgai daude kantu-afarirako eta Ruperren kontzerturako sarrerak.

Abenduaren 3an (zapatua), Euskararen Nazioarteko Egunean, bat egingo dute Euskarak 365 ekimeneko ekitaldiak eta Pil-pileanen 20. urteurreneko ospakizunek.

Ondorengoak izango dira egun horretan egingo diren ekimen nagusiak:

“Euskara eta gu” gogoeta irekia

Gogoeta-saio irekia egingo da elizpean. Taldeka eta dinamizatzaileen laguntzarekin,  hizkuntzaren gaineko kontuak elkarbanatuko dira bertan: bakoitzaren hizkuntza-biografia, eguneroko hizkuntza-bizipenak, euskaraz egiteko estrategiak…    

Kukumixoren ginkana

Plaza Zaharrean hasi eta kalean zehar, Kukumixok herriko umeendako ginkana erraldoia antolatuko du. Gaitzak euskara eta Pil-pilean izango ditu. Datorren astean, informazioa eta izena emateko fitxak banatuko dituzte ikastetxean.

“Ametsa bidean” erakusketa

Ekimen euskaltzaleak Soraluzen izan duen bilakaeraren berri jasotzen du egun horretan ikusgai jarriko den erakusketak. Bertan, gerra aurretik hasi eta gaur egunera arte, herrian garatu diren ekimenen euskaltzale nagusien berri jasotzen da, eta baita, protagonista izan diren hainbat herritarren testigantzak ere. Eguraldi ona bada, erakusketako panelak Plaza Berrian jarriko dira ikusgai.

Euskalzaleen argazkia

Bazkal aurretik, Zubi Nagusian, Pil-pileanen egoitzaren parean, euskalzaleen argazki-kolektiboa aterako da.

Kantu-bazkaria kiroldegian

Garai batean arrakasta handiz antolatu zituen kantu-afarien formatua berreskuratuko du Pil-pileanek urteurreneko ospakizuneko bazkarirako. Herriko talde guztiak gonbidatuko dira bazkarian parte hartzera, eta kantu bat aukeratu beharko dute bazkal-ostean kantatzeko. Bestela ere, edozeinek izango du bazkarian parte hartzeko aukera. Izen-ematea zabalik dago dagoeneko.

"Euskarak 365" Ekitaldia Plaza Berrian

Aurten ere Euskararen Eguneko ekitaldia egingo da plazan (eguraldi ona bada Plaza Berrian, eta bestela, Plaza Zaharreko karpan). Suaren bueltan egingo den ekitaldiak kantua, dantza, bertsoak eta hizkuntzaren gaineko mezua izango ditu osagai nagusi, “Pauso bat aurrera” leloarekin bat eginez.

Ruper Ordorikaren kontzertua

Ruper Ordorika kantari oñatiarrak bakarkako kontzertua eskainiko du antzokian. Bazkideendako sarrerak salgai daude dagoeneko, azaroaren 25era bitartean, eta gainerakoak 26an jarriko dira salgai. Informazio osatuagoa hemen.