“Bota pagua ta sartu piñua” izan zen 50. hamarkadan lehenengo piñuak agertzen hasi zirenean baserri munduan ahoz aho zabaldu zen kontsigna. Hazkunde azkarrekoa zela eta horri esker diru-iturri ona izan zitekeenaren mezua azkar zabaldu zen baserritarren artean; batzuk lehenago eta beste batzuk beranduago, gero eta lursail gehiagotan piñua sartzeari ekin zion jendeak.
Guenetxe baserriko Moises Arizagak gogoan du garai hura: “piñua gauza barri bat zan eta ikusi zanian ondo hazten zala, “bota pagua eta sartu piñua!”, garo-sail garbi-garbixak sartu ziran piñu, eta zelaixak be bai, gero. San Martzial aldian lehenengo eta gero beste aldian be bai”. Gainera, piñuarekiko sukar hark bat egin zuen baserriko bizimoduaren gainbeherarekin “baserriko jentia kalian lan egiten hasi zan jornala irabazten zalako. Basarrixetarako kamiñuak egin ziranian be aldaketa haundixa etorri zan”. Horrek guztiak are gehiago indartu zuen piñua sartzeko joera.
Zuhaitzik zaharrenak, maiteenak
Mendiko paisaian aldaketa nabaria ekarri zuen piñuak “Garai baten esan izan baloskue Askabeitti sasixak hartuta ikusiko genduala, sinistu be ez genduan egingo. Zenbat jentejuaten zan hara, iturrira eta pagadira: mendizaliak, familixak, eskolako umiak eta… ”. Ba ei ziren, handitasunagatik, jendea inguruan batzeko erakarpen indar berezia zuten zuhaitz zaharrak ere “Argateko pagua famaua zan eta Uzkateko artia be bai. Zenbat egonaldi egin ete ziran haren azpixan”.
Mentalitate aldaketa,bertako zuhaitzen alde
Mende erdiaren ostean, piñua sartzeari laga eta bertako zuhaitzak sartzen hasi dira Guenetxeko lurretan “Zikluak egoten dira. Pentsatzen zan piñua urria zala eta sasoi baten dirua emonzeban, baina hori amaittu zan. Gaur egunian,entresakia egiteko be norberak pagau bihar dau eta lanerako jenterik ez dago”. Garbi dute: “Gu ez goiaz berriro piñurik sartzera,zikiña dalako. Gainera, gaixotasuna dauka”. Lehenago piñua izandako lursailetan: pagoak, gaztainak, lizarrak, urkiak, arteak, sagarrak, keixak... sartu dituzte.
Ezenarro anaien ametsa
Guenetxeko hainbat mendi-sail Osintxuko Ezenarro anaiei saldu dizkiete. Azen urteotan, Julian eta Martin Ezenarrok herriko hainbat lursail erosi dituzte, gehienak San Andres auzoan. Pinadiak botatako sailak dira gehienak, eta pottoka eta behorrendako bazka-leku modura egokitzen dituzte; dagoeneko,gora datozen arbolei hazten lagata. Martinen esanetan “Betiko ametsa izan da lur batzuen jabe izatia eta mendixa garbi ikustia, bertako arbolekin. Piñurik ez dogu nahi ikusterik be”. Jubilazioa hartuta, egunero buru-belarri dihardute mendia garbitzeko lanetan, San Andres auzoko beste baserritar batzuekin elkarlanean.
Gunerik aberatsenak
Herriko basorik aberatsenak identifikatu ditugu Roke Akizu nekazaritza ingeniariaren laguntzarekin. Besteak beste,honako hauek: Ezoziko errekaren ingurukoak (baso-mixtoa, pagadiak eta hariztiak), Mantxo-Iraola errekaren ingurukoak (atlantiar baso mixtoa), mendigaineko pagadiak, Azkabeitiko pagadia (sinbolikoki garrantzi handikoa) eta Aritzakotxo gaineko artadi txikia (bakanetakoa herrian). Akizuren esanetan “Mendia ez da metro kubikoen kontenedorea bakarrik, eta, hortaz jabetuta, gero eta joera handiagoa dago bertako zuhaitzak sartzeko. Kontrara, Bizkaiko eredua ikusi besterik ez dago bestelako politikek ze ondorio dakarten ikusteko”.