Aurtengo neguan 220 landare sartu dituzte: sagarrak, madariak, gaztaina inokulatuak, intxaurrak, urrak... Horietatik 80 Euskal Herriko barietate zaharrak dira, Hazisarea ekimenaren bitartez eskuratu dituztenak. David Lindenmannek azaldu digu Hazisarea bioaniztasuna mantentzea helburu duen ekimena dela, “bertako barietateak jaso eta patentatzen ditu,ondoren, ekimenean parte hartzen duten bazkideen eskura jartzeko”.
Dagoeneko, zuhaitzetako batzuk loran daude eta epe laburrean (urtebete edo bi urte barru) uzta jasotzen hastea aurreikusten dute. Etorkizunean, sagardotarako sagar barietateak sartzeko asmoa dute; izan ere, Gipuzkoan, Aldundiak %100 laguntzen du landaketa-mota hori, sagardotarako sagarren ekoizpena bultzatzeko helburuarekin. Daviden ustez herriko lursailak oso aproposak dira sagardotarako sagarren ekoizpena bideratzeko eta sagarrondoak landatzea aholkatzen die gainerako baserritarrei.