Presen auzia

Deba ibaiko paisaiari eta presei buruzko prozesua

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2023ko urr. 18a, 10:32

Malmeroko presa.

Urriaren 25ean abiatuko da Deba ibaiko ibai-paisaia eta presekin zer egin eztabaidatzeko partaidetza prozesua; hitzaldia eskainiko du arratsaldeko 6:30ean Gaizka Aranguren historialariak.

Aurrez iragarri moduan, Soraluzeko Udalak partaidetza prozesua abiatuko du Deba ibaiako ibai-paisaia eta presekin zer egin eztabaidatzeko.

Prozesuari urriaren 25ean emango zaio hasiera, asteazkena, arratsaldeko 6:30ean, Gaizka Aranguren historialariak eskainiko duen hitzaldi pedagogikoarekin hain zuzen ere.

Aranguren doktorea da historian eta aritua eta aditua ondare material eta immaterialaren arloan. ICOMOS-Espainiako Kultura Ondare Immaterialeko Batzordeko partaidea da eta Estatu Espainiarreko Antropologia Elkarteko (ASAEE) kidea ere bai. Profesionalki ere, arlo horretan dihardu, Labrit enpresaren Zuzendari Nagusi gisa.

Hitzaldiaren ostean bertaratutakoek beren iritzi eta hausnarketak elkarbanatzeko aukera izango dute, EMUN aholkularitzak gidatuko duen saioan.

Aipatu hitzaldiaren eta ondorengo eztabaidaren iraupena 2 ordukoa izango da, arratsaldeko 18:30ean  hasita.

Hori horrela, saioaren antolaketa-lanak errazteko asmoz, aurrez izena emateko formulario bat prestatu da (egin klik HEMEN); udaleko 943753043 telefonoan ere egongo da izena emateko aukera.

Informazio eta eztabaida prozesuak azaroan izango du jarraipena, urriaren 25ean bertan jakinaraziko den egutegiaren arabera. Aipatutako saioei begira hainbat azterlan eta material prestatuko dira, irakurri eta aztertu nahiko lituzkeen edonorentzat eskuragarri egongo direnak. 

Udalak adierazi duenez, "Soraluzetarroi dagokigu, komunitate eta herri moduan, nolako ibai-paisaia nahiko genukeen definitzea. Udal ordezkariok ahaleginduko gara, herritarrekin batera, eztabaida eraikitzaile eta hausnarketa estrategikoekin definizio hori jorratzen, hori baita prozesu honen helburu garrantzisuena. Azken garaietan Merlin proiektua izan den moduan, aurretik ere egon dira beste hainbat egitasmo eta etorkizunean ere egongo dira.  Soraluzek herri moduan gauzak argi baldin baditu, egokiago kudeatuko ditugu ibaiari loturik helduko zaizkigun kanpo proposamenak ere".

Halaber, jakinarazi du "Merlin proiektuko obren ardura duen Gipuzkoako Foru Aldundiak baieztatu duela Udalak baiezkorik ematen ez badu, presak ez direla ukituko eta Merlin proiektuari baietza emon nahi izan ezkero, izan partzialki edo bere osotasunean, epemuga azaroak 30a dela".