Zentral eolikoa Karakaten

Soraluzeko Udalak Elosua-Plazentziako estazio megalitikoaren eremuaren babes maila handitzeko eskaera egin du

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2022ko urr. 27a, 10:45

Urriaren 7an, Soraluzeko Udalak Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordetzara eskaera luzatu zuen

Muskiritzuko mendilerroan aurten, Aranzadi Zientzia elkarteko Jesus Tapia arkeologoaren zuzendaritzapean egindako indusketek aurkikuntza berriak azaleratu dituzte. Aurkitutako elementu megalitiko berriak ondokoak dira: Gortazar eta Otsoaldasora I eta II-ko zistak. Uztailaren 7an egindako osoko bilkuran, talde politiko guztiek aho batez onartu zuten Muskiritzuko mendilerroan aurkitu berri diren elementu megalitikoei oinarrizko babes-maila ematea. Akordio honen bidez Soraluzeko hiri-antolamenduko plan orokorrean jasotako kultura-ondasunen katalogoan barne gelditzen dira aipaturiko zistak, baita 2016. urtean aurkitutako erromatar gotorlekua ere. Honen berri ematen duen Gipuzkoako aldizkariko iragarkiaren lotura ondokoa da: https://egoitza.gipuzkoa.eus/gao-bog/castell/bog/2022/07/19/c2204663.pdf

Hau horrela Soraluzeko Udalak, Aranzadi Zientzia elkarteko Jesus Tapia arkeologoaren txostena oinarritzat hartuta, pasa den urriaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordetzara eskaera luzatu zuen: Elosua-Plazentziako Estazio Megalitikoa mugatzen duen Oinarrizko Babes Eremua handitzeko. Izan ere, Iker Aldazabal alkateak adierazi duen bezala “estazio megalitikoaren eremuaren oinarrizko babes maila handitzeak suposatuko du aurkitu diren elementu berriak, eremuaren barruan geldituko direla eta horrela babes maila bikoitza izango dute”. 


Aranzadi Zientzia elkarteko Jesus Tapia arkeologoaren txosten osoa HEMEN kontsulta daiteke.