(Plaza Zaharrak XX. mende hasieran izandako garapena ikusteko, bideoa hemen).
(Batzokia noiz eta nola eraiki zuten ikusteko, bideoa hemen)
1933. urtean zabaldu zuten Soraluzeko batzokia. Baina hiru urte geroago, gerran, estatuak inkautatu zuen eta karlisten esku utzi. Hogetamar urte geroago, 1966. urtean, enkantean jarri zuten eraikina, eta kontratista batek erosi zuen etxeak egiteko. Baina herrian kontrako giroa zela eta, ez zuen ezer egin.
Urtetan eraikina lagata egon eta gero, 1975.ean Soraluzeko Ametsa ikastolak eraikina erosi zuen, ikasle berriak hartzeko toki faltan zela eta. Jatorrizko jabeen eskubideak gordetzeko, Nai Bat elkarte jeltzalearekin hitzarmena sinatu zuten: inoiz ikastolak alde egiterakoan Nai Batek erosteko lehen aukera izango zuela.
Eginbehar berriei egokitzeko, eraikina goitik behera berregin zuten.
Gordetzen den proiektuaren arabera, sotoetan idazkaritza, bulegoak, bilera gelak egin zituzten... gehi liburutegia, laborategiak eta teknologia tailerra ere. Behe solairuan hiru ikasgela zabaldu zituzten, beste hiru lehenean eta bi bigarrenean. Eta solairu guztietan komunak jarri zituzten, lehengoak konponduz edo berriak eginez.
Kanpoko aldaketak, garrantzitsuak izanik ere, ez ziren hain handiak; eta batez ere lehen pisuari zegozkion: bertako terraza "jan" egin zuten, eta argia sartzeko lehio berriak nonahi zabaldu zituzten. Frontoia eta eskilarak kenduta, solairu denak hustu eta berriro eraiki zituzten.
1976.eko maiatzean inauguratu zuten ikastola berria, Soraluzeko Euskal Jaiarekin batera. Denetik egon zen: hitzaldiak, dantza erakustaldiak eta herriko parrokoaren bedeinkapena ere.
Gerora, Eusko Jaurlaritzak ikastetxe berria Frontoian egin zuenean, ikastola bertara pasa zen. Orduan Nai Bat elkarteak eraikina erosi zien, hitzartuta zegoen moduan, eta eraikina batzokia bihurtu zuten atzera.