(Plaza Zaharrak XX. mende hasieran izandako garapena ikusteko bideoa hemen).
Nahiz eta hogeigarren mende hasiera hasieratik jeltzaleak herrian izan, ez zuten egoitza finkorik. Eta 1929garrenean Soraluzeko Uri Buru Batzar berriak batzokia eraikitzea erabaki zuen. Diru zati bat akziotan saldu, eta gainontzekoa mailegutan hartu zuten. Lanak zuzentzeko Urbano de Manchobas arkitekto ermuarra ekarri zuten.
Aukeratutako tokiak bazuen koxka bat, eta ez txikia: Batzokia ibai bazterrean eraiki nahi zuten, eta plaza zaharra hamar bat metro gorago zegoen. Urbanok bete betean asmatu zuen proiektuarekin.
Lanak hasi berriak, 1932garreneko uztailak 18an, demaseko ufala izan zen, zimentazio guztia estali zuena. Ibaia jaitsi zenean ikusi zuten inolako kalterik ez zela egon. Orduko baten esanetan: "batzokiaren bataioa izan da".
Plaza zaharraren parean ambigú edo taberna jarri zuten, bere eszenategi eta guzti. Lehen solairuan jolas-aretoa, bilarrak eta liburutegia. Eta patio moduko eder bat antzokiari begira.
Lanak 1933garreneko hasieran bukatu ziren, eta maiatzean egin zuten inaugurazio ofiziala, alderdiaren puntako hizlariekin: Jesus María Leizaola, Karlos Linazasoro Altzeta soraluzetarra, Polixene de Trabudua, Telesforo Monzon, Jose Antonio Agirre… Soraluzeko Batzokiaren inaugurazioa ekitaldi ospetsua izan zen, eta berria Madrilgo aldizkarietan ere agertu zen.
Orduko soraluzetarrengan ere arrasto sakona laga zuen Batzokiak. Esate baterako, Lino Alberdi jeltzaleak maketa txikia prestatu, josteko-kutxa moduan, eta Maria Iriondo bere andreari oparitu zion. Oraindik gordetzen da.
Bigarren solairuan bulegoak zeuden. Eta konserjearen etxebizitza ere. Batzokiko sotoetan, berriz, Ur-Gain izeneko frontoia jarri zuten. Alboan aldagelak zein bilera gelak. Eta inguru guztian terraza zabalak, eguraldi ona disfrutatzeko.
Hiru urte iraun zuten jeltzaleek bertan, 1936garreneko irailean erreketeak herrian sartu eta karlistek beraiendako hartu zuten.
Círculo Carlista-k ia hogetamar urte egin zituen bertan, eta 1966garrenean promotore batek erosi zuen, etxeak egiteko, baina azkenean ez zen ausartu. Hurrengo urtetan eraikina hutsik eta erabat lagata egon zen.
Azkenik 1975garrenean Soraluzeko Ametsa ikastolak erosi zuen. Eraikina goitik behera egokitu eta gero, ikastolak hamar urte egin zituen bertan. Ikastetxe berria zabaltzerakoan, azkenean EAJ-PNV-k Batzokia berreskuratu zuen.
Gehiago jakiteko, sakatu hemen.