batzar nagusia

Zailtasunen gainetik, ikasle kopuruari eutsi egiten dio Soraluzeko Musika Eskolak

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Musika Eskola 2024ko mar. 26a, 13:01

Hainbat ikasle aurtengo Blues Hotsak jaialdian. Argazkia: Juan Fernandez Conde.

Joan den astean, urteko batzarra egin zuen Soraluzeko Musika Eskolak. Domentx Uzin zuzendariak, besteak beste, jakinarazi zuen aurtengo ikasturtean, Soraluzeko Musika Eskolak eutsi egin diola ikasle kopuruari eta matrikula kopuruan, berriz, gora egin duela. Kontuan hartuta Soraluzeko jaiotze-tasa nabarmen jaitsi dela eta inguruko musika eskoletako matrikulazioan beherakada nabarmena eman dela, positiboki baloratu zuten hori. Ekonomikoki, berriz, negatiboan bukatzen segitzen dutela-eta, zentzu horretan kezka partekatu zuen.

Joan den eguaztenean egin zuen Soraluzeko Musika Eskolak urteko batzar nagusia. Iazko ikasturtearen balantzea eta aurtengoaren aurreikuspena egin zituzten, besteak beste. 

Domentx Uzin zuzendariak bileran partekatutako datuen arabera, 2023-2024. ikasturtean, 116 ikasle eta 188 matrikula izan zituzten Soraluzeko Musika Eskolan. Aurreko ikasturtearekin alderatuta, bi ikasle gutxiago bakarrik izan dira eta gainera, 10 matrikula gehiago izan dituzte, baita irakasle bat gehiago ere (13, beraz).

Bileran azpimarratu zen moduan, oso positiboa da Soraluze moduko herri batean ikasle kopuruari eustea, bereziki, jaiotze-tasa oso txikiak eraginda, datozen kintak oso txikiak baitira. Uzinek gaineratu zuenez, inguruko musika eskolek beherakada nabarmena nabaritu dute.

Hala ere, adierazi zuenez, azken urteotako gutxitzeko joera berretsi egiten da, eta, horrekin lotuta, kezka ere erakutsi zuen, batik bat, 2024-2025. ikasturterako aurrekontuaren aurreikuspena baita negatiboan bukatzea, aurtengo ikasturtean baino gehiago. 

Herrian parte-hartze handia

Hori horrela, hainbat proposamen mahai-gaineratu ziren musika eskolara ikasle gehiago erakartzeko, oso modu positiboan baloratzen baita halako zerbitzua izatea Soraluze moduko herri txiki batean, are gehiago ikusita zenbat ekitalditan parte hartzen duen Soraluzeko Musika Eskolak: Gaztañerre Azokan, Santa Zezilian, Gabonetan, Blues Hotsak jaialdian, Santa Agedan, Euskal Aratosteetan, Udate Gauean, Abesbatzarekin zein txarangarekin elkarlanean eta abar. 

Adibidez, proposatu zen aurten berriro egitea Ekarri Laguna kanpaina, ate irekiak egitea musika eskolaren eskaintza ezagutarazteko, edo, zenbait ate jotzea, dirulaguntza gehiago lortze aldera. Ildo horretan, Uzinek jakinarazi zuen Udalarekin berba egiteko asmoa dutela, orain arte bertatik jasotzen den dirulaguntza handitu dezaten. Kuotak igotzeko proposamena, berriz, baztertu egin zuten, horrek ikasle galera handiagoa ekarriko zukeelakoan. Bekei dagokienez, hurrengo ikasturtean ere lau beka eskainiko ditu Soraluzeko Musika Eskolak. 

Osterantzean, urteko batzarra izanda, musika eskolaren jarduna ere hizpide izan zuten. Bestelakoen artean, pozik azaldu ziren aurten estreinakoz egindako SoraFolk ekimenarekin, 20 bat lagunek parte hartu baitzuen, gazteak zein helduak. Hori ikusita, hurrengo ikasturtean ekimena errepikatzeko modukoa dela adierazi zuten.
 
Bestalde, epe motzagora begira, udaberrian instrumentuen entzunaldiak egingo dituzte. Iaz hasi ziren sistema horrekin, ziurtatzen baitu ikaste guztiek parte hartuko dutela jendaurreko saioetan. Bestelako ekintzen artean, berriz, esan zuten, Semifuso bueltan da ipuin musikatua taularatuko dutela eskolako ikasleen aurrean, eta, ikasturte amaierako kontzertua ere badatorrela.

Azkenik, zuzendaritzako kide berriak aukeratu zituzten, bozka bidez. Jondar Platak eta Ander Gomezek hartuko dute  Ainhoa Unamunoren eta Beroska Zaroberen lekua.