SoraFolk tailer berritzailea antolatu du Soraluzeko Musika Eskolak

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Musika Eskola 2024ko ots. 20a, 15:54

Soraluzeko Musika Eskolak SoraFolk tailer berritzailea antolatu du martxoaren 2rako. Biolin, biola eta biolontxeloko maila eta adin guztietako ikasleei zuzendutako ekimena da, Burgosen egiten den Crisol de Cuerdas ikastaro entzutetsuaren ildotik datorrena. Quico Puges, John Prieto eta Beñat Askargorta izango dira irakasleak. Pugesen esanetan, “bizipen handiko esperientzia” izango da. Izen-ematea zabalik dago.

Martxoaren 2an, goizeko eta arratsaldeko jardunaldia egingo dute SoraFolk tailerrean. Soraluzeko Musika Eskolatik esplikatu dutenez,  goizean ordu eta erdiko bi saio egingo dituzte eta arratsaldean izango da hirugarren saioa. Horren segidan, kontzertua eskainiko dute ikasitakoarekin. Tailerrean, hiru kantu ikasteko aukera egongo da bailarako biolinjole, biolajole eta biolontxelo joleekin.

Maila ezberdinetan

Tailerrean hiru irakaslek parte hartuko dute, Beñat Askargortak, John Prietok eta Quico Pugesek. Azken horrek esplikatu duenez, partiturarik gabe jardungo dute eta melodiak, baxo-lerroak, akonpainamendu elementuak… denetarikoak landuko dituzte SoraFolk tailerrean.

Horri esker, maila ezberdinetan lan egin ahal dute, “bizipen handiko esperientzia” izango dela adierazi du. Folk munduren barruan, musika zeltiarraren munduaren barruan, fiddle ikuspuntutik egingo dute lan, hain justu.

Izen-ematea

SoraFolk tailerrean Interesa duen edozeinek parte har dezake, baldintza bakarra da ReM  eskalan joten jakitea. Adinari dagokionez, berriz adin guztietako pertsonendako da, txikienak, gazteak, helduak zein nagusiak. “Irlandatik nahi badute ere, etor daitezke”, diote umorez musika eskolatik.

SoraFolk-en aurrekaria Crisol de Cuerdas izeneko ikastaro entzutetsua da. Burgosen ematen dute hura, udan eta “oso ondo funtzionatzen” du. SoraFolk-en ibiliko den Quico Puges irakaslea bertan egon izan da bai ikasle zein irakasle modura ere eta Prieta zein Askargorta, biak izan dira ikasle han. Ikastaro horren emaitza ikusita, orain hemen nahi dute aukera hori zabaldu.

Izen-ematea zabalik dago. Ikastaroaren prezioa 20€koa izango da, bazkaltzera animatuz gero, berriz, 30 euro. Izena HEMEN KLIKATUTA azalduko den formularioan eman daiteke.