Musika Eskolak Santa Agedako kalejira egingo du bihar, gonbidatu bereziekin

Bertan da Santa Ageda bezpera eta bihar, eguaztena, ohiko kalejira egingo dute Soraluzeko Musika Eskolako ikasleek. BertSorako eta Ezoziko Ama abesbatzako kideak gonbidatu dituzte hitzordura, eta kalez kale arituko dira guztiak, Santa Agedako koplak abesten eta makilak astintzen.

Urtarrilaren 31n (eguaztena) Santa Agedaren kalejira egingo du Musika Eskolak, 18:30ean, Santa Anako eskaileretatik hasita.

Kalejiran irtengo dira Musika eta mugimendua, Musika kantuz eta Musika hizkuntzako ikasleak, trikitilari eta pandero-joleekin batera, eta BertSora bertso eskolako ikasle-irakasleak eta Ezoziko Ama abesbatzako kideak ere batuko zaizkie. Horiez gain, gurasoak ere gonbidatu dituzte abestera aurten eta kanta-paperak banatuko dituzte haurrekin batera abestu dezaten.

Ibilbidea erdigunetik egingo dute: Santa Ana kaletik hasita, Udaletxetik eta Plaza Zaharretik pasako dira, buelta eman eta Plaza Berrian bukatzeko. Bidean geldiuneak egingo dituzte koplak eta bertsoak kantatzeko.

Ikasle eta gurasoentzako oharrak:

  • Musika eta Mugimenduko ikasleak 17:45ean egon behar dira Musika Eskolan.
  • Gainontzeko ikasleak Frontoian elkartuko dira, 18:15ean.
  • Klaseak 18:30etik 19:30era etengo dira (klasea galtzen dutenek irakaslearekin adostuko da zein ordutara aldatuko den).

Animatu baserritar jantzia (edo koadrodun zapia eta txapela) ekartzera eta... makilak ez ahaztu!


Ikasgaien, instrumentuen edo bestelako informazioa jasotzeko: deitu, idatzi edo gerturatu lasai asko Musika Eskolara!