Ezoziko Ama Abesbatzarekin kantatuko dute Musika Eskolako haurrek

Musika Kantuzeko ikasleak Ezoziko Ama Abesbatzako kideekin entseatzen.

Bihar, barikua, Musika Kantuz ikasgaiko haurrak Ezoziko Ama Abesbatzarekin batera arituko dira kantuan, Gabonetako kontzertuan. 20:00etan hasiko da, Herri Antzokian, eta sarrera librea izango da.

Abenduaren 15ean, barikua, Ezoziko Ama Abesbatzaren Gabonetako kontzertuan hartuko du parte Musika Eskolak: lau kantu interpretatuko dituzte 6-8 urte bitarteko Musika Kantuzeko ikasleek.

Gabon garaia eta Dizdizka zeruan abestiekin emango diote hasiera emanaldiari. Kanta biotan bakarrik kantatu arren, irakasleen laguntza izango dute: Anabel Henao piano irakasleak joko du lehena, Bergarako Musika Eskolako Eli Mendiaratzek bigarrena eta kanta biak Musika Kantuzeko irakasle Nagore Sanzek zuzenduko ditu. Horren ostean, Ezoziko Ama Abesbatzari utziko diote taula gaina eta, prestatu duten Gabon eta afrikar kutsuko errepertorioa interpretatu ondoren, Gabon gabonete eta Hator hator kantak abesten bukatuko dute abesbatza biek.

Kontzertua Antzokian izango da, 20:00etan, eta sarrera librea izango da, beraz, animatu!


Musika Kantuz ikasgaiaren inguruko informazioa jasotzeko: deitu, idatzi edo gerturatu lasai asko Musika Eskolara!