Aurten, bost ikasle daude panderoa ikasten Soraluzeko Musika Eskolan, 8 urtetik hasi eta 50 urtera bitartekoak, denetarikoak. Itziar Burunza (Soraluze, 1969) soinu-jolearen eskutik jasotzen dituzte eskolak, astean behin.
"Oso ondo pasatzen dugu"
Baina, guztira, hiru trikiti eta hiru pandero-jolez osatutako taldea du Burunzak. Eskolan zein eskolatik kanpora ibiltzen da haiekin, “oso ondo pasatzen dugu, bailaraz bailara egiten diren Trikiti Egunetara joaten gara, Araba Errioxako Dantzari Egunera…”, dio berak.
Eta bere ikasleek baieztatu egiten dute esandakoa; horren adibide, Nora Larreategi eta Nahia Carretero, adibidez, dagoeneko sei urtean ari dira panderoa ikasten Itziar Burunzarekin.
Trikitia, soinua eta panderoa erakusten ditu Burunzak musika eskola zabaldu zenetik, 1989-1990. urtetik eta edozein soraluzetar animatu nahi du ikastera, “panderoa ikasteko ez da behar solfeo jakiterik, erritmoa eta musika gustatzea behar da bakarrik”.