Noiztik zara musika irakasle?
Orain dela 10 urte. Niri beti gustatu izan zait musika eta kontserbatorioan nenbilen; nire gurasoek esaten zidaten beste zerbait ikasteko musikaz aparte eta Haur Hezkuntza ikasi nuen, hori ere pentsatuz musika irakaskuntzan. Ikasketak eta Kontserbatorioa bukatuta, Bartzelonara joan nintzen; han dago AEBtako Berkeley Collegearen egoitza; proba batzuk egin eta AEBko Berkeleyra joateko beka eman zidaten; baina bekaren %20a bakarrik zen, 6.000 euro. Hango unibertsitateak oso garestiak dira eta ezin genien gastuei aurre egin. Hala, eskaini zidaten, baita ere, Suediara joateko aukera, kasu horretan, ia gastu guztiak ordainduta eta hara joan nintzen.
Suediara nora?
Gottenborg-era. Bi urtez egon nintzen han, gitarra modernoa eta jazz ikasten. Bueltatu nintzenean, Lazkaoko Musika Eskolan hasi nintzen. Gero, musika eskola publikoetan hasi nintzen eta hainbat lekutan ibili izan naiz: Bilbo, Beasain, Lezo… Orain, hiruzpalau urte, berriz, Debako eskola publikoan hasi nintzen eta han nabil orain ere, finko egiteko prozesuan.
Eta zergatik orain Soraluze?
Hainbeste denbora leku batetik bestetik, ezer ere ez finkoa, egunero kilometro mordoa egin behar… Horrez aparte, gauden lekuetan, ez digute egiten %100eko kontraturik. Beraz, %100eko jarduna betetzeko etorri naiz hona. Bi egun egiten ditut Deban, beste bat Soraluzen eta beste bi Lazkaon.
Soraluzen 12 ikasle dituzu. Umeak eta nagusiak, bietatik? Zela ikusten duzu ikasle-taldea?
Bai. Giro polita ikusi dut hemen. Anekdota modura, lehen egunean, sartu zen ume bat, Eki, eta esan zidan: Kaixo, Mikel, zer moduz? Demaseko indarrarekin eta irribarrez. Horrek eguna poztu zidan, ni gainera, jota urduri nengoen. Halakoak ez dira leku askotan ikusten.
Zein metodologia duzu irakasteko gustukoen?
Ikasleak datozen erara moldatu behar zara. Metodo asko daude. Nik urte batean, uda batean, ezarri nuen ikasketen oinarri moduko bat, ikasle guztiendako balekoa. Hori helburu, ikasle bakoitzari bere ibilbidea egiten ahalegintzen naiz. Bestalde, nik daukadan ona da metala, rocka, klasikoa… dakizkidala, beraz, ikasleek nahi dutena egin dezakegu.
Besteak beste, 2013ko gitarra lehiaketan, 60 lehiakideren artean, Brontzezko Pua irabazi zenuen. Zelan duzu hura gogoan? Zelan animatu zinen? Zein kantu jo zenuen? Zeinekin?
Garai hartan, Legarreko lokaletan entseatzen nuen. Han ikusi nuen kartela eta apuntatu egin nintzen. Legarren zebiltzan hainbati eskatu nien laguntza aurkezteko, tartean, Loiola Madera ere ibili zen.
Bestelako ekimenen baten parte hartu izan duzu edo parte hartzen duzu orain?
Kolaborazioa egiten dut Hara taldean. Iaz, Sorotan Belerekin parte hartu nuen, Suedian talde metalero askorekin parte hartu nuen… Los Mejores Guitarristas-en, Guitar Familyn (3:42. minutuan) parte hartzeko aukera eman zidaten 2017-2018an… eta orain, lehengo Hesianen (oraingo Zelanda taldea) parte hartu behar dut. Dena den, ez zait gustatzen jotzea, gehiago irakastea. Joten dut noizbehinka “monoa” kentzeko, baina bestela umetatik erakargarri nau irakasle izateak.