IKASTURTE HASIERAKO OHARRAK

Eguenean hasiko da ikasturtea Soraluzeko Musika Eskolan

Musika Eskolaren eraikina.

Eguen honetan, irailaren 7an hasiko dira Soraluzeko Musika Eskolako ikasturte berriko eskolak. Lehenago, eguaztenean banatuko dituzte 2023-2024 ikasturteko ordutegiak, 18:00etan. Oraingoz, 111 ikasle matrikulatu dira, baina badago lekua gehiagorendako. 18 instrumentu, Musika Hizkuntza, Musika Sorkuntza, Musika eta Mugimendua eta Musika Kantuz ikasgaiak ikas daitezke bertan. Bestalde, bi beka ere eskatu ahalko dira eta zenbait berritasun ere izango dira ikasturte berrian.

Aurtengo berritasunen artean, bi dira nagusi. Batetik, gitarra elektrikoko irakasle berria izango da aurten, Mikel Arrieta eibartarra. 11 ikasle daude gitarra elektrikorako eta eskola horiek banakakoak dira. Gaur egungo irakasle Mikel Arakistainek, gainera, baxu elektrikoko eskolak ere ematen ditu eta guztira, ikasle larregi zituenez, gitarra elektrikoa emateko beste irakasle bat ekartzea erabaki dute musika eskolan. 

Musika Sorkuntza ikasgai berria

Bigarren berritasuna, berriz, Musika Sorkuntza izeneko ikasgaia da. Quico Puges irakasleak eskainiko du. Musikaren idazketan eta irakurketan trebatzeko erarik onena praktika denez, ikasgai praktikoagoa eskainiko du irakasle kataluniarrak. Musika Hizkuntza ikasten ari diren azken urteko ikasleei zein Musika Hizkuntza berriki bukatuta daukatenei zuzendutako proiektu berritzailea da berau. 

Osterantzean, bi beka eska daitezke musika eskolarako, bata Musika eta Mugimendua ikasgairako (4, 5 eta 6 urtekoendako) eta bestea Musika Kantuz ikasgairako (7 urtekoendako). Eskaerak irailaren 7ra arte egin daitezke, udaletxeko harrera bulegoan.

2023-2024 ikasturtea

2023-2024 ikasturteari dagokionez, berriz, eguenean hasiko dira eskolak. 18 instrumentu ikasteko aukera izango da musika eskolan, baita musika hizkuntzarekin lotutako ikasgaiak ere: klarinetea, saxofoia, pianoa, gitarra, soinua, trikitia, panderoa, txistua, zeharkako txirula, biolina, tronpeta, tronboia, Musika Kantuz, perkusioa, baxu elektrikoa, bonbardinoa, Musika eta Mugimendua, talde instrumentala, banda folk taldea, ganbara musika, Musika Hizkuntza, gitarra elektrikoa, Gazte eta Helduentzako Musika Hizkuntza, eta bonbardinoa.

Horiek guztiak erakusten eskarmentu luzea duten 13 irakaslek jardungo dute.

Dagoeneko 111 ikaslek eman dute izena ikasturte berrirako baina noiznahi dago aukera matrikula berriak egiteko. Esaterako, oraingoz, Musika eta Mugimendua ikasgaian leku libreak daude batik bat, 4 eta 5 urtekoen gelan.

Musika eskolan izena emateko bi aukera daude: 


• 1- Musika eskolara bertara joatea.


• 2- Online egitea, Soraluzekomusikaeskola.eus webgunean izen-ematea atalean dagoen formularioa beteta.