Bihar, eguaztena, kurtso bukaerako kontzertua eskainiko du Soraluzeko Musika Eskolak. Herriko Antzokian izango da eta 19:00etarako programatuta dagoen arren, urtean zehar ikasitakoak aurkeztu aurretik, ipuin musikatu bat eskainiko dute ikasle gaztetxoenek. Ipuinak, 18:00etan hasita, 40 bat minutu iraungo ditu eta horren ostean ekingo diote kontzertuari.
Emanaldi bikoitza
Aurten, ohiko ikuskizunez gain, 'Non dago Semifuso?' izeneko ipuin musikatua interpretatuko dute Musika Eskolako ikasle eta irakasleek.
Kantan eta dantzan arituko dira Musika eta Mugimendua eta Musika Kantuz ikasgaietako haurrak, irakasle bakoitzak bere instrumentua joko du eta Domentx Uzin zuzendariak egingo ditu ipuin-kontalari lanak.
Oraindik Semifusoren bila
Pasa den maiatzean, ipuin beraren bertsio bat aurkeztu zieten Plaentxi Eskolako Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleei.
Hartan Semifuso delakoa aurkitzea lortu ez bazuten ere, amaiera apoteosikoa izan zuen ikuskizunak, itxiera-kanta haur guztiek eskolako Musika ikasgaian aldez aurretik ikasitakoa baitzen: Anne Lukin eta Gorka Urbizuren 'Lisboa', hain zuzen.
Ia Soraluzeko haur guztiak aritu ziren beraz, bai taula gainean, bai antzokiko harmailetan, arnasa betean abesten (bideoan ikusgai).