musika kontzertua

Bihar, txistu konpositore onenekin osatutako errepertorioa taularatuko dute, tartean Domentx Uzinen piezak

Bihar, zapatua, txistu-kontzertu ezohikoa eta goi mailakoa eskainiko du Arrasate Musikaleko txistulari bandak Herri Antzokian. Juan Carlos Larreategi elgoibartarra buru dutela, konpositore euskaldun ospetsuen obrak taularatuko dituzte, tartean, baita Domentx Uzin soraluzetarrarenak ere. 12:00etan da hitzordua eta sarrera doan.

Arrasateko musika eskolaren, Arrasate Musikalen 50. urteurrenaren abiapuntu, han irakasle lanetan diharduen Domentx Uzin txistu irakaslearen bitartez antolatu da Soraluzeko kontzertua. 

Bihar, zapatua, euskal konpositore ezagunen piezak taularatuko dituzte Soraluzeko Herri Antzokian; honakoa izango da egitaraua:

  • Askabeitti zortzikoa, Domentx Uzin
  • Mendiko Soinuak, Jesus Guridi
  • Barsurko Kontrapasa Sarriegi
  • Lau Ataletako Albrada Guridi
  • Adan eta Eba polka, Corto
  • Nere Bihotzeko Habanera Kuttuna J.M. Bilbao
  • Ezozi fandangoa, Domentx Uzin
  • Ezozi arin-arina, Domentx Uzin
  • Donostia (bariaziodun fandangoa) Sorozabal

"Ederra izango da"

Jose Inazio Ansorena txistulari eta konpositore ezagunarekin karrera egindako Juan Carlos Larreategi elgoibartarra izango dute buru txistulariek. Txistuko lehen ahotsean izango dira Amets Pagaldai eta Juan Karlos Larreategi; bigarren ahotsean, Jose Usobiaga eta Susana Roa; silbotean, Domentx Uzin eta Lander Diaz de Gereñu eta perkusioan, Julen Larreategi. 45 bat minutuko kontzertua izango da.

Domentx Uzinen esanetan, “ederra izango da, oso gutxitan izaten da halakoez gozatzeko aukera, oso obra onak taularatuko dira, txistu errepertorioan maila altukoak”.