- Noiz hasi zinen trikitia ikasten?
- Orain dela hiru bat urte. Denbora librea nuela-eta hasi nintzen.
- Baina zu lehenago ere bazinen musikari, ezta?
- Bai, soinu handiarekin. 16 urterekin hasi nintzen. Felix Aranzabalekin, Angiozarko Itsuarekin ikasi nuen jotzen, baita partiturak irakurtzen ere, baina solfeoa ikasi gabe. Gero, kanpoan jotzen hasi nintzen asteburuetan-eta: ezkontzak, erromeriak, kintadak, despedidak… Bakarrik jotzen nuen, gizon-orkestra modura, erritmo kutxa ere banuen. Urte batez, berriz, konjunto batean ere egon nintzen, Eskoriatzako Los Jokings taldean.
- 70 urterekin trikitia ikasle, noiz arte segituko duzu?
- Ez dakit. Musika eskolan ez daukat presiorik, nire airera ikastera nator, ez nago ezertara behartuta, beraz, trankil nabil eta segituko dut.
- Alde horretatik, Soraluzeko Musika Eskolak erraztasunak ematen dizkizu?
- Bai, erraztasun guztiak. Oso gustura nago hemen.
- Musika eskolako juntan ere izan zinen, ezta?
- Bai, 2001-2003ra bitartean juntan. 2001-2002ra bitartean Juan Carlos Astiazaran izan zen presidente eta gero, 2002-2003an neu. Bitarte horretan hasi nintzen panderoa ikasten.
- Trikitia, panderoa… beste instrumenturen bat ikasteko asmorik baduzu?
- Ba egon nintzen trikitia edo pianoa ikastekotan. Etxean Maite alabaren trikitia genuela-eta, trikitia ikasten hasi nintzen. Aurrerago, akaso, pianoa ikasten hasiko naiz, batek daki (barre).
- Zuretzat musika oso garrantzitsua da, ezta?
- Bai, musikak tira egiten dit; behin ikasita, harra sartzen dizu betiko. Kanpoan jotzeari laga nion batik bat, osasun arrazoiengatik. Baina oraindik ere tira egiten dit. Bestalde, orain, burua ez da lehen bezain arina eta orain ezin dut lehen moduan dena buruz jo. Orain partitura behar dut. Adina igartzen da. Baina jotzen eta ikasten segitzen dut.
- Zure ustez, askok, akaso ez dio musikari lekurik egiten nahiz eta onuragarria izan norberarentzat? Batik bat adin batetik aurrera?
- Nik uste adin batetik aurrera akaso ez direla ausartzen ikasten hastera, uste dutelako ezin izango dutela. Baina musikak onura eta ekarpen handiak ematen ditu.
- Zer esango zenieke heldu/adinduei?
- Etortzeko musika eskolara lasai. Hemen ez dute presiorik izango ezertarako. Bakoitza bere airera doa, ikasten baina presiorik gabe, norbere erritmora. Egiten den ahalegina egiten da ikastearren, baina ez beste ezertarako. Hau ya ez da gaztetan eskolan izaten zen moduan.
- Herrian musika eskola izatea zelan ikusten duzu?
- Derrigorrezkoa da. Musika gustuko duenak eskola izan behar du ikasi ahal izateko. Gero karrera musikala egin nahi duenak kontserbatorioa du aukeran, baina musikako oinarrizko ikasketak egiteko aukera egon behar da herrian. Juan Carlos eta biok juntan egon ginenean Sodupe alkatearekin ere berba egin genuen banda bat sortzeko ideia geneukalakoa. Udalak erraztasun guztiak eman zizkigun, baina ez zegoen jende nahikorik banda bat sortzeko. Pena da, ze gazteak beste ikasketekin-eta hasten direnean, askok musika eskola laga egiten dute; aldiz, banda bat baldin badago herrian, errazagoa da bandan jarraitzea. Ez genuen lortu, baina amets polita izan zen.