Ikasturte amaierako kontzertua bihar, herritarren kolaborazio eta guzti

Musika eskolako ikasturte amaierako kontzertua, 2019an.

Bihar, eguaztena, ikasturte amaierako kontzertua eskainiko du Soraluzeko Musika Eskolak. 14-15 bat pieza interpretatuko dituzte oholtza gainean izango diren 45-50 bat musikariek. Haien artean, gonbidatu bereziak izango dira, besteak beste, Ezoziko Ama Abesbatza. 18:30ean da hitzordua, Herriko Antzokian. 

Sokako instrumentuek hasiko dute Soraluzeko Musika Eskolaren ikasturte amaierako kontzertua, biolinek eta gitarrek. Haien ondoren, denetariko instrumentuak eta doinuak entzuteko aukera izango da, klarineteen, saxofoien, biolontxelo taldearen, Fuilsen Fulsanen, trikitilarien eta pandero-jotzaileen… eskutik. 

Horrez aparte, konboek ere izango dute euren tartea, akustikoak zein elektrikoak eta herriko musikariek ere jardungo dute eskolako musikariekin batera. Bitxikeria moduan, besteak beste, Soraluzen errefuxiatuta dagoen Darina Fikelmaur ukrainarra ere igoko da taula gainera.

Abesbatza eta 'Nere Plazentziatxo'

Kontzertuari amaiera borobila emateko, berriz, Ezoziko Ama Abesbatzarekin batera bi kanta interpretatuko dituzte musika ikasleek: Baga Biga eta Imanol Lopez soraluzetarrak egokitutako Nere Plazentziatxo, azken hori txistulariekin batera. 

Berez, frontoian egitekoak ziren kontzertua, baina euria iragarrita dagoenez, Herriko Antzokira lekualdatzea erabaki dute antolatzaileek. Bertaratzeko sarrera librea da, antzokiaren edukiera bete arte.