Musika eskolak ate irekien jardunaldia egingo du Plaza Zaharrean

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Musika Eskola 2022ko mai. 26a, 18:03

2019ko ate irekien jardunaldiak.

Zapatuan, Soraluzeko Musika Eskolak Plaza Zaharrera eramango du eskolako eskaintza, ate irekien jardunaldia eginez. Eskolan eskaintzen dituen instrumentuak eraman eta zuzenean probatzeko aukera eskainiko diete interesa duten guztiei, irakasleen laguntzarekin. Ate irekien jardunaldia 10:30ean hasiko da, 13:00ak bitartean. 

Domentx Uzin musika eskolako zuzendariak azpimarratu du musikarekiko interesa duen edozeini zuzendutako eskaintza dutela bertan: “Batzuetan buruan dugu musika eskola umeendako dela, baina ez da horrela. Gazteak eta helduak ere baditugu matrikulatuta. Izan ere, herritar guztiei zuzendutako eskaintza dugu musika eskolan”. 

19 instrumentu

Soraluzeko Musika Eskolak 19 instrumentu ikasteko aukera eskaintzen du. Berritasun modura, datorren ikasturtean bueltan izango da metalezko instrumentuak ikasteko aukera, tronpeta, tronpa, tronboia eta bonbardinoa, Susana Plumed irakasle berriaren eskutik. Dagoeneko Plumed hasi da musika eskolan bere eskaintza errotatiboetan erakusten ikasleei.

Metalezko instrumentuez gainera, denetarikoak lantzen dituzte musika eskolan: klarinetea, saxofoia,  txistua, gaita nafarra, gitarra klasikoa, biolina, biolontxeloa, soinua, trikitia, panderoa, pianoa, flauta, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa eta perkusioa. 

Horrez aparte, taldeetako ikasgaiak ere eskaintzen ditu: 4-5-6 urtekoentzat Musika eta Mugimendua, 7-8 urtekoentzat Musika Kantuz, 9 urtetik aurrera, Musika Hizkuntza, Abesbatza, Talde instrumentalak eta Konboak. Horiek irakasten, berriz, 11 irakaslek dihardute. Helduentzat ere Taldeetako zein bakarkako eskolak ere eskaintzen dira espezialitate guztietan.