Eguazteneko batzarrean, musika eskolako bazkide gutxi -lau bakarrik- baina informazio asko izan zen.
Lehenengo eta behin, aurreko batzarreko akta onartu zuten eta ondoren, memoria aurkeztu. Puntu horretan, jakinarazi zuten apurtu egin dela azken urteotako joera eta musika eskolako ikasle kopurua handitu egin dela; iaz 113 ikasle izan ziren eta aurten, berriz, 120 dira. Era berean, matrikula kopurua ere handitu egin da, 180tik 183ra.
Aldatu ez dena da musika eskolak defizita izaten segitzen duela. Hori mugatzeko, neurri gehiago hartuko dituztela jakinarazi zuten batzarrean.
Ikastaro berriak
Bestalde, azpimarratu zuten aurten normaltasunera bueltatzen ari direla. Adibidez, egin duten azken kontzertua, Udaberrikoa, ikusleekin egin zuten, aretoa bete egin zen eta dena ondo joan zen. Ildo beretik, jakinarazi zuten Mesedeetako Egoitzan izan direla Gabonetan eta udaberrian eta ikasturte amaieran berriro ere joango direla hango egoiliarrei musika eramatera. Horrez aparte, Santa Zezilia eta Santa Ageda egunetan kalejirak egin dituzte.
Bestelakoen artean, berriz, egin diren eta egingo diren berritasunak azpimarratu zituzten. Adibidez, ikastaro laburrak eskaintzen hasi dira. Lehena zapatu honetan hasiko da, danbolin ikastaroa, Jasone Akizu Bilbao Musika Eskolako txistu irakasleak eskainita. 8 ikaslek eman du izena, bost plazentziarrek, Debako bik eta Mendaroko batek.
Aurten, baita ere, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak bultzatutako Kukubiku proiektuan parte hartu dute Soraluzeko Musika Eskolako hainbat ikaslek, oso balorazio positiboa eginez.
Beka-sistema ere ezarri dute aurten eta bi ikasle ari dira bekadun.
Taldeendako entsegu-gela
Eta beste berritasun bat aipatze aldera, eskolako hiru gela intsonorizatuko dituzte eta ikasgela horietako bat -konbo gela- herriko musika taldeei eskainiko zaie, herrian dagoen lokal faltaren aurrean, bertan entseguak egin ditzaten. Bete beharreko baldintza bakarra da taldekideetako bat musika eskolako ikasle izatea.
Elkarlan handiagoa
Aurreikuspenei dagokienez, berriz, esplikatu zuten musika eskolaren asmoa dela kolaborazioak handitzea elkarteekin. Batzuk egin dituzte dagoeneko eta bide horretan segituko dute. Adibidez, aurten, Ahalduntze taldeko partaideak musika eskola bertatik bertara ezagutzen izan dira. Santa Zezilian Ezoziko Ama Abesbatzarekin batera egin zuten kalejira. Musika eskolako hainbat ikasle Eibarko Musika Bandan parte hartzen hasi dira eta herriko txaranga biziberritzeko prozesuan da.