Ikusmin handia zegoen atzo Ezozin, Sorak igoera faseko liderrarren aurka jokatzen zuelako baina egiari zor, partidu osoan zehar soraluzetarrak gehiago izan ziren zumaiarrak baino. Etxekoek aukera gehiago sortu zituzten eta batez ere, asmatu zuten baloia aurkariaren ate barruan sartzen.
Lehen zatiaren azken minutuan iritsi zen etxekoen lehen gola, Mikel Oregi Letuk area barruan egindako erremate ikusgarri baten eskutik. Hala, bat eta hutseko emaitzarekin Sorako mutilak indartuta joan ziren atsedenaldira. Ondoren, bigarren zatia hasi eta hamar minutu eskasera etorri zen etxekoen bigarren gola, oraingoan ere Leturen eskutik, area txikiaren ertzetik jota bidali baitzuen baloia zumaiarren ateko sareetara.
Zumaiarrak ez zeuden lo eta 70. minutuaren bueltan, Jon Ezeiza aurrelariak, Unax Suduperen atea zulatzea lortu zuen, atezainaren parera bakar bakarrik heldu eta abilidade handiz baloia zeharka jaurti eta gero. Handik ordu laurdenera, partidua amaitzeko bost minutu falta zirela sartu zuen Sorak bere hirugarren eta azken gola. Antxon Zubiaurre izan zen golegilea; atearen aurrean bakar bakarrik errematatu zuen Borja San Josek area ertzetik pasatu zion baloia.
Azkenean, Sorak hiru puntu baliotsu eskuratu zituen eta orain 13 punturekin, hirugarren dago sailkapenean, lider jarraitzen duen Zumaiakorengandik puntu bakarrera. Igoera fasearen lehen itzulia amaituta, datozen asteetan bigarren bueltako zazpi jardunaldiak jokatuko dituzte.