SORALUZE FT

8-0 mutrikuarren kontra

Erabiltzailearen aurpegia Soraluze Futbol Taldea 2022ko urr. 31a, 08:00

Zapatuan, Erregional mailakoek mutrikuarrak hartu zituzten Ezoziko Futbol Zelaian eta bertaratutakoei arratsalde entretenigarria eskaini zieten hat-trick bat, hiru penalti, bost txartel hori eta Soraren aldeko zortzi eta hutseko markagailuarekin. 

"Ondiokan 0-0, ekipo!" oihukatzen zuten behin eta berriz Sorakoek, partidua hasi berri eta jada lehen gola sartua zutela, jokalariak erlaxa ez zitezen. Baina tentsioak ez zuen asko iraun, hogei minutura, markagailuak hiru eta hutsekoa adierazten baitzuen etxekoen alde.

Hala ere, erritmoa jaitsi baino, gogor jarraitu zuten. Etengabeko erdiraketek, jaurtiketek... eta aurkariak egindako sakeetan baloiaren jabetza berehala berreskuratzeak, Sorak partidua aski menderatuta zuela erakusten zuten.

Sortu zituzten aukera guzti horiek kontuan hartuta, hasieran izandako hutsegite batzuk kenduta, azpimarratzekoak dira Mutrikuko atezainak egindako geldiketak, batez ere bigarren zatikoak.

Ordurako nabaria zen kanpokoen etsipen eta haserrea eta, garrasiengatik eta geroz eta defentsa oldarkorragoa izatearren, txartel hori dezente jaso zituzten. Penalti bat izan zuten euren alde baina, hala guztiz ere ere, ezin izan zuten markagailua estreinatu.

Lehen zatian lau gol sartu zituen Sorak eta bigarrenean beste lau.

Gol-ikuskizuna

Gol-kopuru handi horrek mota askotariko golak laga zituen: buruz jotakoa, penaltia, hat-trick-a... Nabarmentzekoak, Leturen hiruak, atezaina aurrez aurre izanda Zubiaurrek sartutakoa eta Goenagarena, partidua hasi eta 15 segundo eskasera.

Denbora-lerroa eta golegileak:

  • 01' - Beñat Goenaga
  • 16' - Mikel Oregi 'Letu'
  • 20' - Antxon Zubiaurre
  • 28' - Aitor Barrutia
  • 57' - Mikel Oregi 'Letu'
  • 68' - Borja San Jose
  • 77' - Bienvenue Biokou 'Bio' (penaltiz)
  • 86' - Mikel Oregi 'Letu'

Baina golik eman ez zuten une gogoangarriak ere egon ziren, batik bat: Goenagak, faltaz egindako saiakeran mutrikuarren ateko langa-zutoin izkina jo zuenekoa; eta Olamusuk, atezain izanda, penaltietan eduki beharreko engainurako trebezia erakutsi zuenekoa, eskumarako keinua egin eta kontrakora jauzi eginez, baloia atez kanpo bidaltzeko.

Gol guztiak eta jokaldi deigarrienak bideoan ikusgai.

Sailkapenean bigarren

Hirugarren postutik eta bi partidutan puntu bakarra lortzetik, arnasaldi bila zebilen Sorako Erregionala, sailkapenean bigarren egotera pasa da 6. jardunaldi honetan.

Garaipen honek, ordea, ez du guztiz ase arnasaldiaren premia. Sorak sailkapenean postu bikaina lortu badu ere, orain Aloña eta Zestoarekin puntuetara berdinduta dago; eta hurrengo jardunaldia, horietako baten aurka jokatuko du, zestoarren kontra, hain zuzen.

Sorako talde guztien emaitzak eta sailkapena hemen ikusgai.


Hasierako isilunea

Norgehiagoka hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin zuten infantilen entrenatzaile den Victor Perezen amaren omenez .