Futbol zelaira bidean egindako zuhaitz landaketa desegokia

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Soraluze 2023ko urt. 11a, 15:20

Urrestarazu Metal Working enpresak egin duen salaketa aintzat hartuta (harri jaurtiketa enpresaren teilatura) futbol zelaira bidean egin den landaketa ez zaigu onargarria iruditzen. Arazoari irtenbidea emateko egon beharko lirateke modu eraginkorragoak eta ingurumenarenarekiko ez hain inbasiboak. Segidan arrazoiak:
 

Orain dela urte asko bertan landatu ziren eta hain elegante dauden ezkiak kaltetu dira beraien sustraiak kaltetuz eta espezie lehiakide eta exotikoa landatuz alboetan. Diputazioaren baimenarekin egin da landaketa baina harrigarria da udalaren pasibotasuna gertaera honen aurrean. Bertako landaretza sustatzea ez da soilik mendi gainean egin beharreko kontu bat, herrigune eta inguruetan ere zaintzeko kontu bat izan behar luke. Ez da bertako zuhaitzekin herrigunean axolagabekeriz jokatzen den lehen aldia baina tarteka errepikatzen dela ikusita badirudi udalak garrantziarik eman gabe jarraitzen duela.

Ingurumen inpaktuaz gain zipres landaketa bere horretan utzi ezkero hemendik urte gutxira 4-5 metroko hesi itxi eta ilun bat osatuko da. Ondorioz Ezozi bidetik hasi eta futbol zelairako bidea eguzki gutxikoa, iluna eta bista eskasekoa bihurtuko da. Benetan ez dagoela beste modurik arazoa ekiditeko gune eder hori sakrifikatu gabe?

Egoera honetan Udal Gobernuari eskatzen diogu paper aktiboa jokatzeko. Urrestarazu Metalworkingeko arduradunekin batera harri jaurtiketak ekiditeko bestelako moduren bat bilatzeko eta eginda dagoen landaketa erretiratzeko.