Urrestarazu Metalworking enpresak hainbat gertakari salatu ditu Ertzaintzan, eragin duten arriskuarengatik

Ubane Madera Zangitu 2023ko urt. 2a, 10:59

Behin baino gehiagotan, harriak jaurti dituzte Mendiola industrialdera Ezozira bideko errepidetik, Urrestarazu Metalworking enpresan kalteak eraginez eta bertako langileen artean arriskua sortuz. Arrisku hori saihesteko, enpresak 63 heskaia landatu zituen abenduaren 20an, baina hurrengo egunean bertan, sustraitik aterata azaldu ziren landareak. Ertzaintzak gertakariok ikertzen dihardu.

Urrestarazu Metalworking enpresak jakinarazi duenez, behin baino gehiagotan, ezezagunek harriak jaurti dituzte Mendiola industrialdera gaineko errepidetik, lantegian hainbat kalte material eraginez.

Aurtengo irailaren 21ean, lantegiaren estalkiaren kontra jaurtitako harriek pabiloiko kristalezko leiho bat apurtu eta beira zatiak lantegiaren barruko aldera jausi ziren, lanean zeuden langileen artean arrisku handia sortuz.

Erasoaren larritasunaren aurrean, gertakaria Ertzaintzaren polizia-etxean salatzeaz batera, Urrestarazu Metalworking enpresa irtenbide bila hasi zen errepidetik harriak jaurtitzen segi zezaten saihesteko. Hainbat irtenbide posibleren artean, hesi natural bat landatzea aukeratu zuten, ingurumenean eragin txikiagoa zuelako.

Hesi naturala sortu nahi

Halaxe egin zuen abenduaren 20an. GI-3653 errepidean (Ezozira bidean) 63 heskai landatu zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenarekin, errepide bazterrean 50 metroko hesia eratuz. Baina hurrengo egunean bertan, ezezagunek sustraitik atera zituzten landare guztiak.

Urrestarazu Metalworking enpresak Bergarako Ertzaintzaren polizia-etxean salatu du azken gertakari hori. Azpimarratu du hesiaren helburua harriak jaurtitzeagatik egon daitezkeen arriskuak saihestea dela eta herritarren laguntza eskatu du heskaia hesia errespeta dadin eta horrelako gertaerak berriro gerta ez daitezen.

Argazkiak: Urrestarazu Metalworking.