Herritarrek informazioa eskura izan behar dute eta horren ardura Udalarena da.
Inplikatuta dauden administrazioen arteko koordinazioa ere Soraluzeko Udalari
dagokiola uste dugu. Horregatik, ondorengoa da EHBilduko zinegotziok luzatzen diogun bide-orri proposamena udal gobernu taldeari:
URA Agentziakoak etor daitezela herritarrei ondo azaltzera zergatik beraien
azterketa teknikoetan ageri den uholde arriskuko gune bezala Soraluze. Eta
zergatik analisi horietatik tiraka etengabe ari diren esaten presak ikutu eta zutabe
gabeko zubi berriak ipini beharra dagoela. 2006an presak osoki eraisteko plan
batekin etorri ziren herrira. 2017an onartu zen Hirigintza Plan Orokorrean Olaldea
eta SAPAko inguruetan eraldaketa proiektuak planteatu ahal izateko presen altura
jaisteko konpromezua hartu behar izan genuen udal zinegotziok eta orain Merlin
proiektuaren bitartez berriz ere gaia esku artean ipini digute.
URA Agentziak orain arteko bere irakurketa berresten badu joko eremua mugatuta
geratuko litzaiguke, argi geldituko litzatekeelako lehenago edo beranduago, orain edo urte batzuk beranduago, era batera edo bestera baina presak ikutzera derrigortuta gaudela soraluzetarrak. Eta hau horrela izango bada ekinbide antzua da presak osorik mantendu edo ez eztabaidatzen aritzea. Ez badira behintzat presen gatibu utzi nahi Soraluzeren etorkizunerako berebizikotzat jotzen ditugun eraldaketa urbanistikoak.
Aztertzen hasi beharko ginateke zein izan daitekeen presak moldatzeko modurik egokiena uholde arriskua txikitzeko eta ibai bizigarriago bat eraikitzeko, Patrimonio historikoa egoki kudeatzen dela bermatuz, noski.
Merlin proiektua ere parametro horietan aztertu beharko genuke. Eta baloratu ea Merlin proiektuak planteatzen duena egokia iruditzen zaigun soraluzetarroi. Ura Agentziak, Gipuzkoako Diputazioko kultura sailak zein Gipuzkoako Diputazioko ingurumen sailak adostutako proposamena izanda herrira etorri beharko lirateke ondokoak argitzera:
1. Ura Agentziak argitu beharko luke Merlinen planteatzen diren aktuazioak zergatik
iruditzen zaizkion egokiak, uholdeak gertatzeko arrisku maila Soraluzen nola
geratuko zen azalduz.
2. Diputazioko kultura sailak argitu beharko luke zergatik beraien ustez Merlinen
planteatzen diren aktuazioekin presen balio patrimonio historikoa egoki zainduko
litzatekeen.
3. Behin azalpen horiek entzunda soraluzetarroi planteamendua arrazoizkoa iruditzen
bazaigu Diputazioko Ingurumen sailarekin elkarlan akordio bat sinatu beharko
litzateke. Akordio horretan Diputazioak konpromezua hartu beharko luke presen
aktuazioaren osteko urteetan emango den ibaiaren paisaia eraldaketa zaintzeko,
horretarako beharrezkoak diren errekurtso ekonomiko eta teknikoak jarriz.