Presen auzia

Ibaiko presak eraistearen inguruko eztabaida behar bezala kudeatu da?

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Soraluze 2022ko urr. 27a, 13:58

Urtebete bada Merlin izeneko proiektu europearraren berri lehen aldiz izan genuenetik. Europan zehar biodibertsitatea hobetuko luketen hainbat ekintza jasotzen ditu proiektuak eta gure kasuan Deba Ibaian zehar presak kentzea proposatu digute Gipuzkoako Diputazioa eta EHUren eskutik.

EHBilduko zinegotziok aukera on bat ikusi genuen gure ibaia eta bere inguruaren biziberritzea agendaren erdira ekartzeko. Ibaiaren biziberritzeko egin daitezkeen beste hainbat proposamenekin batera presekin zer egin eztabaida ere hor kokatuz. 
Hilabete guzti hauetan ahalegindu gara ideia hori transmititzen eragile bultzatzaileei eta batez ere udal gobernuari. Baina udal gobernuak ez du inolako pausorik eman norabide horretan. Arduraz jokatu  eta prozesua lideratu ordez isilik eta ezkutuan geratu dira. 
Parte hartze prozesua bukatutzat eman da. Udal Plenoan erabakia hartzea izango da azken pausoa. Ez dakigu Udal Gobernuak noiz planteatuko duen berau baina argi dago erabakia hartzeko baldintza egokirik ez dutela sortu. Eta ondorioz soraluzetarrak ibaiaren biziberritzeko ekimenak alkarrekin partekatzen egon ordez “presak botatzearen alde edo kontra”n kokatu dela eztabaida.
Ez gaude beraz guk desira genuen egoeran. Hala eta guztiz jarraituko dugu gai hau ahalik eta egokien kudeatu dadin eragiten. Horretarako EHBildutik ekimen ezberdinak abiatuko ditugu azaroan zehar. Herritarrak informatu eta iritzi trukaketak emateko bideak antolatuz.