Errigora

Eguenean amaituko da Errigorako saskiak eskatzeko epea

Saski beltza.

Datorren ostegunean, azaroak 10, amaituko da Errigoraren kanpainako saskiak eskatzeko epea. Urtero bezala, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako hiru saski daude aukeran, eta hauen balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari laguntzera bideratuko da.

Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka, Bat egiteko garaia da lelo hartuta abiatu zen udazkeneko kanpaina urriaren 25ean eta azaroaren 10ean amaituko da. Eskaerak Internetez egin daitezke Errigora.eus webgunetik eta telefonoz 848 87 12 23 zenbakian. Saskia eskatu duten herritarrek azaroaren 23an jaso ahalko dituzte, Gaztetxean, 18:00etatik 20:00etara bitartean. 

Errigorako antolakuntzak dei egin die Euskal Herriko euskaltzale guztiei Errigoraren udazkeneko kanpainan parte hartu eta zonifikazioa gainditzen lagun dezaten: "Nafarroarekin bat egiteko garaia da, zonifikazioaren afera ez baita nafarren arazoa, euskararena baizik. Eman diezaiogu Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari bultzada ekonomikoa: Nafarroa hegoalde eta erdialdeko ikastolek haurrak euskalduntzen segi dezaten, Aek-k helduen alfabetatzea susta dezan, Sortzen-ek D eredua bultza dezan eta Agerraldiak, bitartekoak izan ditzan. Beraz, saskiak eskatzeko deia egiten dizugu.

Hiru saski aukeran

Oliba-olio birjina estra, arroza, pasta eta barazki kontserbez osatutako kaxak eskatzeko epea azaroaren 10era bitartekoa da. Hiru saski eskaintzen ditu Errigorak:

- Beltza, 55 eurotan: oliba-olio birjina estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, botila ardoa, eztia, kardua, mahats-zukua, piper-mamia, teilak, molineritoak eta 2023ko egutegia.

- Berdea edo ekologikoa, 65 eurotan: oliba-olio birjina estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, botila ardoa, ardo-ozpina, tomate frijitua, arroz integrala, pasta, konbutxa tea, teilak, sagar-zukua, txitxirioak eta 2023ko egutegia.

- Zuria edo berezia, 75 eurotan: oliba-olio birjina estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, botila kriantza, ardo zuri apartsua, patxarana, ardi-gazta, patxaran-pastak, polboroiak eta 2023ko egutegia.

Eskaera hazten

Euskal Herrian bezala, Soraluzen ere inoizko eskaera handiena izan zuen Errigoraren udaberriko kanpainak, asko izan ziren eskaera egin zuten herritarrak (52). Hain zuzen, 347 litro olio eta 1.361 kontserba poto banatu ziren. Dirutan, 13.567 euro. %36ko igoera 2021eko eskaerarekin alderatuta. Udazkeneko kanpainari dagokionez, plazentziatarrek iaz 38 saski eskatu zituzten.