Joan zen barixakuan banatu zituzten Nafarroa Hegoaldeko olio eta kontserbak Errigoraren udaberriko kanpainan 52 plazentziatarrek eskatu dituztenak. Guztira, 347 litro olio eta 1.361 kontserba poto. Dirutan, 13.567 euro. %36ko igoera 2021eko eskaerarekin alderatuta.
10.000 etxetara
Nafarroa hegoaldeko uzta, eskutik eskura. Izen hori du Errigoraren udaberriko kanpainak, boluntarioen lanaren bidez ekoizleen olioa, kontserbak, pasta edo arroza kontsumitzaileen eskutan jartzen duena. Errigorako kideek jakinarazi dutenez, aurtengo kanpaina “inoizko uztarik emankorrena” izan da. Batetik, 10.000 etxeetara iritsi dira ekoizleen produktuak, joan den urtean baino %20 gehiagora. 143.000 litro olio banatu dituzte (%35 gehiago) eta 271.000 konserba ontzi eta 41.000 pakete (%15 gehiago).
Ekoizpen ekologikoa indartzen
Aurten egin diren kontserba, arroza, pasta eta lekale eskaera guztien %20 ekoizpen ekologikoa izan da. Aurreratu dutenez, heldu den urtean ekoizpen ekologikoko eskaintza handiagoa izanen da eta aukeren artean potxa ekologikoak izanen dira. Irailerako prest izanen dira piper ekologikorako 36.000 metro karratu gehiago. Bestalde, Nafarroan ekoiztutako 11.000 kilo txitxirio eta dilista banatuko ditu Errigorak. “Hazialdeko lekale ekoizleen elkartearendako bultzada ederra suposatzen du horrek”. Errigorakoek esana dute “elikagaiak ekoizteko erak aldatzeko kontsumitzeko erak aldatzea izan daiteke bide eraginkorrena”.
Euskara planak lantokietan
Bestalde, boluntarioen bitartez ekoizleak eta kontsumitzaileak harremanetan jartzen dituen proiektuak euskaraz etiketatutako produktuak eskaintzen ditu. Baina ez da horretara mugatzen. Errigoran aritzen diren 12 ekoizleren lantokitan euskara planak ari dira gauzatzen. 2023rako Errigoraren baitan ari diren guztiak izango dira euskara planetan murgilduta. Horregatik guztiagatik kanpainako arduradunek nabarmendu dutenez, “Errigorarekin bat egin duten milaka herritarren ekarpenak Nafarroako baratzean eman dituen fruituak”.