Merlin proiektuak suposatzen du 4 presa kentzea Deba ibaia Soraluzen pasatzen den zatian, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, funtsezko bi helburu ditu: uraren jario naturala eta arrainen migrazioa erraztea eta uholdeak izateko arriskua murriztea. Helburu horietako bat ere ez da zentzugabekoa, nahiz eta, jakina, helburu horiek lortzeko moduari dagokionez hainbat ikuspegi egon daitezkeen. Are gehiago, Deba ibaian neurriak hartzeko beharra, bai ingurumena hobetzeko, bai uholde-arriskua murrizteko, jasota dago jada Soraluzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean. Plan hori 2017an onartu zen aho batez eta gaur egun indarrean dago.
Adostasuna, onura eta irizpide teknikoak
Beraz, proiektuaren bueltako faktore guztiak eta sortzen duen iritzi aniztasuna kontuan hartuz gero , uste dugu erabakia ez dela presaka hartu behar, eta beharrezkoa dela proiektuaren alderdi desberdinak aztertzen eta baloratzen jarraitzea, lehenik eta behin udalean ordezkaritza duten alderdi guztien artean eta gero Aldundiarekin ahalik eta proiekturik onena adosteko. Izan ere, guretzat garrantzitsuena da egiten dena ondo egitea, ahalik eta adostasun handienarekin egitea, Soraluzerentzat zalantzarik gabeko onura suposatzea eta berau oinarritzea irizpide tekniko eta ingurumenekoetan.