Zentral eolikoa Karakaten

Plataformaren iritzia Green Capitalek ezagutarazi dituen azken xehetasunez

Erabiltzailearen aurpegia Karakate Bizirik 2022ko abu. 12a, 16:24

Soraluzeko eta Elgoibarko herritarrak Green Capitalen proiektuaren aurka azaltzeko maiatzean egin zen mendi martxan.

Abuztuaren hasieran izan genuen Green Capital enpresak Karakaten eraiki nahi duen zentral eolikoari buruz aurkeztutako hasierako ingurumen txostenaren berri. Bertan, besteak beste, proiektuaren ezaugarri berriak ezagutu ahal izan ditugu, eta kezka handia eragin digute.

Batetik, enpresak zehaztu du dorre eolikoak garraiatzeko 8 kilometro luze eta gutxienez 5 metro zabal izango den bidea eraiki nahi duela Elosun hasi eta aerosorgailuak ipini nahi dituen ingururaino. Errepide horrek mendigain guztia zeharkatuko luke, baita eremu megalitikoa gurutzatu ere, zenbait megalitotatik oso distantzia txikira igaroz.

Horrez gain, proiektuan jasotzen da bi aerosorgailuez gain dorre meteorologiko bat ere eraiki nahi dutela, 100 metro altu izango dena. Era berean, ebakuazioa Elgoibarko Azkueko zentralera egingo da 4 km-ko sarean zehar lurpetik, eta auzo horretan bertan sekzionamendurako eraikuntza berria aurreikusten du enpresak.

Karakate Bizirik plataformatik berriro ere azpimarratu nahi dugu proiektu honek Karakate-Elosua mendilerroan eragingo lukeen txikizioa ikaragarria eta itzulerarik gabekoa izango litzatekeela eta ingurune hori babestu beharra aldarrikatu nahi dugu, beste behin ere, dituen balio natural, arkeologiko, geologiko, paisajistiko eta aisialdirakoak aintzat hartuz (administrazioak berak ere emanak dizkio babes eta balio figurak arlo guztiotan).

Lanean jarraituko dugu datozen hilabeteetan proiektu txikitzaile hau geratzea lortu arte, bai bide legaletatik alegazioak jarriz, bai herritarren mobilizazioa sustatuz. Garbi daukagu proiektuaren helburua, energia sorkuntza aitzakia moduan hartuta, irabazi ekonomikoak lortzea besterik ez dela. Hortaz, dei egiten diegu herritar zein eragileei datozen hilabeteetarako proposatuko ditugun ekimenetan parte hartzera. Denon indarrez geratu dezakegu berriz ere. Karakatetik Elosurainoko mendigaina bizirik nahi dugulako, maite dugulako eta ondo bizitzeko behar dugulako.

Karakate Bizirik plataformak (Soraluze eta Elgoibar)