Lehenbiziko eragina poza izan da. Azken hiru urtetako lanaren ondoren gai garrantzitsuak sartu direlako instituzioen agendan: ibai paisaia, ibaiertz berriak, garbiketa, ondare historikoa azaleratu… Gure izenak dioenez, ibai osoa hartu behar da kontuan, ez elementu solteak.
GDik egindako lanarengatik ez balitz, dagoeneko lau presak botata egongo lirateke. Baina gaur egun instituzioek gure ikuspuntua eta lanaren zati batzuk balekotzat hartu dituzte, eta proiektuan kontutan hartuko dituztela esan. Guztion ondarea beste ikuspegi osoago batetik ikusten ari gara, denok, eta emaitza ikusita, pozten gara egindako lanaz.
Desadostasuna ere eragin digu, Olea eta Zuloaga oraindik apurtu nahi dituztelako. Zergatik apurtu? Alde batetik, uholde kontutan agintea duenak, Uraren Euskal Agentziak, bi presa hauek aipatu ere ez ditu egiten, eta Merlinekoek ez dakite eraginik duten uholdeetan.
Beste aldetik, prozesu honetan argi geratu denez, Soraluzeko presak inoiz ez dira oztopo izan arrainentzat, eta Merlinekoek ezin izan dute bestelakorik demostratu.
Beraz, $€rgatik tematzen dira oraindik?
Eta, azkena, itxaropena, ibairako proiektu integral bat osatzeko aukera zabaldu delako. Gure ustetan, egun Soraluzek duen etorkizunerako aktiborik garrantzitsuena ibaia da, eta herria suspertzeko erabili behar dugu, kanpokoei berau izorratzen laga beharrean.
Ibairako proiektu integral honetan Soraluzeko Udalak lidergoa mantendu beharko du, partaide guztiek Soraluzeren interesak bila ditzaten, eta ez euren helburu propioak, Merlinekin gertatu den moduan.
Etorkizunaz ari garenez, herri osoa sartu beharko da hausnarketan, Txurrukenetik Igarateraino, denak Soraluze gara eta. Beraz, Igareta eta Olabarrena moduan, Olean ere ezin da eragin ibairako proiektua osatu arte.
Eta, noski, ibaiaren alde guztiak kontutan hartu behar dira, alkateak azpimarratu duenez: paisaia, ekologia, ibaiertzak, ur-xaflak, landareria, arrainak, fatxadak, ondarea, ibaira heltzeko bideak, erabilerak… proiektuak integrala behar du izan!
Azkenik, ezinbestekoa ikusten dugu Uraren Euskal Agentzia mahai horretan izatea. Uholdeak gauza oso serioa dira, eta horregatik Soraluzek gaur egun duen Plan Hidrologiko okerra berregin behar da goitik behera, guztion elkarlanarekin. Bestela, jai daukagu! 2025ean URA Soraluzeko Plan Hidrologiko berria lantzen hasiko denez, aukera aprobetxatu behar dugu.
Ibairako proiektu integral honek ausardia eta lan handia eskatzen ditu, baina gauden moduan jarraitzeak ez gaitu inora eramaten. Soraluzetarrok alkartuta aurrera egin dezakegu, ederto gainera. Gauza izango al gara? Herriaren gainbehera onartu ala aurrera jo, hor dago kakoa.
Orain arte moduan, GDi-koak lanerako eta elkarlanerako prest gaude. Bidea luzea izan da eta izango da, baina talde saiatu eta antolatuen indarretan sinisten dugu, lortutako emaitzek erakusten dutenez. Soraluze alkarrekin aurrera!