Presen auzia

Bigarren pankarta: Erreferenduma!

Erabiltzailearen aurpegia Gure Deba Ibaia 2024ko uzt. 6a, 23:33

Agindu moduan, gaur Udalaren txanda (atzokoa ikusteko, sakatu hemen)

Herriaren eskariari ez entzuna egin diote behin eta berriz. Prozesu partizipatiboa antolatu dute, ibai-paisaiari buruz aritzeko… baina beti presak botazearen aldera (zehaztasunak beherago).

Orain dela sei hilabete “Soraluze moduan erabakitzen duguna Diputazioak errespetatuko du” zioten, eta orain “goitik” inposaketak datozela entzun behar!

Erabakia herritar guztiona izan behar da, eta ez “goitik” datorren inposaketa. Berriro diogu herri galdeketa dela bide zuzena “arazoa” konpontzeko.

Presen “arazoa” agertu zenean, aurreko Udal Gobernua hasiera-hasieratik jarri zen albora begira, ezertan busti barik. Eta 634 lagunen (erroldaren %23a) erreferendum eskaera ofizialari ere ez zioten inolako jaramonik egin, ezta erantzunik eman ere ez. Zergatik? Itxura denez, ez zuten zaratarik sortu nahi Aldundia eta URA-Eusko Jaurlaritzaren "kontra" agertuz.

2023.ean Udal Gobernu berria heldu zen. Haize berria ekarriko omen zuen Udaletxera: demokratikoagoa, herrikoiagoa, gardenagoa. Alkate berriak polit askoa bota zuen: "zeregina inportantea da, baina nola egiten den ere bai" (2023/06/17). Jakina, jardutea errezago betetzea baino.

Udal Gobernu berriak ere ez zuen herri galdeketaz ezer jakin nahi. Herriaren nahia "arazoa" omen da udalarentzat: ez dira gauza bera norberaren gustuko erreferendumak eta herri galdeketa deserosoak. Udaberri honetan GDi-koek eskatu genien herri galdeketari buruzko jarrera hartzeko, ofizialki. Hiru hilabete geroago erantzunik ERE EZ. Aurreko Udal Gobernuaren trazia hartzen ari dira.

Prozesu partehartzailea antolatu zuten gero. Aurkezterakoan Udalak azpimarratu zuenez, "Soraluzetarroi dagokigu, komunitate eta herri moduan, nolako ibai-paisaia nahiko genukeen definitzea”. Baina gaurdaino ibai-paisaiari buruzko eztabaidarik ez da egon.

Alde batetik, udaberri hartan alkatea bera egon zen "Paisaia-arloko jardunbide egokien gidaliburua. Hiriko ibai-eremuak” liburuaren aurkezpenean, eta egileekin harremanetan jarri zen. Izan ere, liburuak Soraluzeko ibai-paisaia EAEko 16 kasu arrakastatsuen artean kokatzen zuelako. Baina tamalez alkateari ez zitzaion bururatu beren ekarpena interesgarria izan zitekeenik "Soraluzeko ibai-paisaiari buruzko" prozesuan.

Prozesurako hiru hizlari ekarri zituzten, eta hirurak preseei buruz aritu ziren, besterik gabe. Gaizka Aranguren antropologoak ez zuen ibai-paisaiei buruz ezer esan, eta ezer gutxi antopologiaz; presak botatzen tematu zen, nahiz eta gure Deba ibaiaz eta ekologiaz ezer gutxi zekiela aitortu berak. Ruben Santosek Ur Agentziaren proiektua aurkeztu behar zuen, aldiz uholde arriskua garrantzi handikoa ez zela esan ostean, eta presak botatzeko Merlinen proiektua erakutsi zigun. Azkenik Aranzadiko Alfredo Moraza preseen balio historikoaz aritu zen.

GDi-koei hasieratik eskaini ziguten hitz egiteko aukera, eta Udalaren helburuari jarraituz (“nolako ibai-paisaia nahiko genukeen”) Soraluzeko ibai-paisaiari buruz jardun ziren bakarrak izan ginen.

Prozesuko lehen lau saioak burututa, Udalak ibai-paisaiari buruzko prozesua jarraituko zuela agindu zuen, ez zela bukatu. 8 hilabete geroago EZ DA haren berririk.

Udalaren joko bikoitzaren zerrenda asko luzatu daiteke. Presen “arazo” guzti honetan Udalak bere burua "neutro" agertu nahi izan du baina, gero, berak antolatu eta egindako lan guztiek joera ezaguna izan dute, presak botatzearen aldekoa, alegia.

"Zeregina inportantea da, baina nola egiten den ere bai". Zergatik eta zertarako Udalaren aurpegi biko jarrera hori?

Denok dakigu “arazoa” erabakitzea herritar guztiori dagokigula, eta ez dela onargarria “goitik” datorren inposaketa.

Are gehiago, alkateak zera esan zigula: “Diputazioak onartuko du guk erabakitzen duguna… inportante! guk Soraluze moduan erabakitzen duguna Diputazioak errespetatuko du”.

Berriro diogu herri galdeketa dela bide garbiena “arazoa” konpontzeko.

ERREFERENDUMA!