Presak bota nahi dituztenak ixilik ibili dira azken hilabeteetan, baina pankartek hor diraute soraluzetarroi “arazoa” gogoarazteko.
Harrituta irakurri ditugu presak botatzearen aldeko azken gutun baten argudioak, Merlinek orain dela hogeta zortzi hilabete erabiltzen zituenak dira eta. Informazio eskasa eta zaharra darabil, eta arinegi osatua dago. Ordutik hona argumentu berriak landu dira.
Ufalei buruzko beldurrak uxatzeko, gogoratu dezagun Euskal Ur Agentziaren (URA) arabera hamar urtetan behin ufalek hildako bat eragiten dutela Soraluzen, Ezozibideko 207 lagun kaltetzen dituztela urtero, 1.650.000 € tako kalteak sortzen dituela herrian bakarrik eta 100 bat ibilgailu hondatu, hori ere urtero. “Arazo itzel hauek” konpontzeko, URAk zera proposatzen du: ibaia ubide bihurtu, presak bota eta hormak eraiki, Maltzagatik! datozen ufaletatik herria babesteko (ez da txantxa, URAk hala jasota dauka).
Herria ezagutzen duen edozein soraluzetarrek argi ulertuko du oinarri ustel hauek ez dutela EZ BURU eta EZ HANKARIK. Interesak eta beldurrak eragindako plan hori ez da batere zuzena. Lehenik eta behin ganorazko Plan Hidrologikoa behar dugu, eta gero erabaki.
Ingurumenari buruz gauza bera. Merlinek behin eta berriz dio Soraluzeko presak arrainentzat oztopoak direla, baina ez dira konturatu Aldundiak erabilitako datuen arabera, urteko 8 TRILOI angula sartuko liratekela Deba ibaiaren ahotik (kontuz! zenbaki hauek ere ez dira txantxa). Eta XVIII. mendean Bergarako morroiek greba egin zutela, egunero izokina ematen zietelako janaldietan: hau da, Soraluzen presak egon arren, ibaia izokinez lepo zegoen Bergaran!
Merlinekoek ez zekiten hauetaz ezer, eta harrezkero ez dute jakin nahi ere. Kutsadurak ekarri zuen arrainen galera, ez presek.
Zientziak teoriak sortzen ditu errealitatea azaltzeko, baina teoriak eta errealitateak talka egiten dutenean, zientzilariek teoria alboratzen dute, tematu beharrean. Ez da Merlinen kasua. Orain dela 15 urte Arturo Elosegik eta Aldundiak presak jasotzen zituzten (arrainen alde) eta orain presak botatzen dituzte (arrainen alde ere, noski). Europako diruaren txin-txina non, dantzaldia han.
Eta, ur makinistari buruz, zer esan? 2017an Soraluzeko Udalak ingurumena zaintzeko Plan Orokorrean babestu zuela, baina zazpi urte geroago, “ekologiaren izenean”, bere bizitokia arriskuan dago “goitik” aginduta. Hori bai “umore tanta garratza”! Zer izan zen 2017koa, ekologia ala postureoa?
Bat gatoz herritar guztion erabakia izan behar dela, eta ez “goitik” datorren inposaketa. Berriro diogu herri galdeketa dela bide zuzenena “arazoa” garbitzeko.
Beste herritan halaxe egin dute, Elizondo kasu: 2012an Txokoto presaren arazoa behin betiko erabakita geratu zen, nahiz eta batzuk oraindik ez konturatu.
Eta, zer dago "goitik" horren atzean? Ze nolako interesak daude Merlin, EHU, Aldundia, URA eta enparauen aldetik?
Merlin proiektua "partehartzailea" izango zela agindu ziguten, baina hasi orduko Aldundiak idatzita zeuzkan presak botazeko proiektuak.
Zergatik hau? 2006an Ur Agentziak Aldundiko "Obras Hidráulicas" saila lan barik laga zuen. Ohiko diru iturria galduta, eta saila ez ixteko, Europan topatu zuten finantziazio iturri berria. 2006.ean Europak presak babesten zituela? Presak egin! 2019.ean Europak presak bota nahi dituela? Presak bota! Aldundiak gure presak epaituta eta kondenatuta zituen hasieratik.
Eta EHUk gauza bera. Europako diruen arabera presak jasotzen edo botazen laguntzen du.
URA bera ere presak botatzeko aldekoa da, ez ditu gustoko. Ondorioz, Ur Agentziak Soraluzeko bi Plan Hidrologikoak idazterakoan (2015-2021 eta 2022-2027) ibilguan porlanezko ubidea ezarri 280 metrotan eta presak bajatzea proposatzen zuten. Eta, zergatik? Idatzi honetan gorago jasotako “astakeriak” sahiesteko: hildakoak, urtero Ezozibideko sotoak ur azpian, 100 ibilgailu hondatu, 1.650.000 €tako galerak…
Baina ezuste mingarriena herrian topatu dugu: Udala ez da “joko garbiz eta sen onaz” aritu izan. Baina gai honi buruzkoak bihar landuko ditugu.
Ez galdu bigarren atala plaentxia.eus-en!