Apurtzen badute, Merlinek nahi duen moduan, soraluzetarren imajinario kolektiboaren osagai garrantzitsuenetako bat galduko dugu. Eta herria aurrera atera nahi badugu inoiz baino premia larriagoan gaude, dauzkagun ikono bakarrak ezin ditugu galtzen utzi.
Honetaz gain, Soraluzeko aztarna zaharrenetakoa (XIV. mendekoa) desitxuratuko zen guztiz. Errota desagertu zen, erretena ere… presa apurtzea besterik ez da geratzen! Baina, gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzak 1997ko irailaren 11an babestu zuela, balizko arkeologia gune moduan.
Azkenik, Olearainoko ur xafla desagertuko da, zuhaixka eta zuhaitzen adarretan zaborra eta plastikoak trabatuko dira, ur xafla desagertuta udan eltxoak biderkatuko dira (eta eltxo tigrea heltzerakoan gaixotasun tropikalen arriskua ere berarekin ekarriko du), udako egun txarrenetan ibaialeko ingurua askoz beroagoa izango da… Eta presa apurtu nahi duten moduan apurtuta, ufaletan fluxu zurrubilotsuak sortuko ditu, ur maila gehiago igoz.
Laburbilduz, Malmero presa apurtzeak ez dio onik egingo herriari, baina bai kalte ugari ekarri!