Euskaraldian "masiboki" parte hartzera deitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia batzordea 2022ko aza. 11a, 08:00

Euskaraldiaren sustatzaileak, Donostiako San Telmo museoan. Tartean, Joseba Usabiaga (aktorea), Maialen Chourraut (piraguista) eta Xabier Saldias(abeslaria).

Zazpi egun falta dira Euskaraldiari hasiera emateko, eta, antolatzaileek adierazi dute izen-ematea "martxa onean" doala. Soraluzen, dagoeneko, 315 herritarrek eman dute izena eta hasita daude txapak banatzen.   

Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian, ekimenaren koordinazio mahaiko kideek esan dute izen-ematea erritmo onean doala, eta ziurtatu dute Euskaraldiaren hirugarren edizioa ere "masiboa" izango dela.  

Euskaraldiaren sustatzaileek garrantzia eman diote ariketa jendetsua izateari, belarriprest eta ahobizi asko izatea lagungarria baita parte hartzaileen hizkuntza ohiturak aldatzeko. Horregatik, gogorarazi dute izen-ematea oraindik irekita dagoela webgunean. Soraluzen, momentuz, 315 pertsona daude izena emanda. 

Txapak paparrean eta banderatxoak balkoian

Euskaraldia batzordeetako kideek Euskal Herriko laurehun herri baino gehiagotan banatuko dituzte txapak eta azpimarratu dute txapak jantzita eroatearen garrantzia, aurreko edizioetan egindako ikerketek erakutsi baitute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohituren aldaketetan. Horrekin batera, jakinarazi dute leiho eta balkoietan jartzeko banderatxoak jarri dituztela salgai, herrietan Euskaraldia ikusgarri egiteko.

Soraluzen, dagoeneko hasi dira txapak banatzen (goizetan udaletxean eta arratsaldetan Santa Anako lokalean) eta banderatxoak, berriz, Iratxo goxodendan eors litezke, 5 euroko prezioan. Gainera, zapatua, Gaztañerre Azokan mahaia ipiniko dute eta bertan aukera izango da izena eman, txapak jaso eta banderatxoak erosteko. 

Erronka zehatzak

Bozeramaileak parte-hartzaileak gonbidatu dituzte hizkuntza ohiturak aldatzeko erronka zehatzak jartzera (euskarazko harremanak areagotzeko eta hizkuntza portaera berriak probatzeko).

Soraluzen, Euskaraldiaren batzordeak datozen egunetan argitaratuko ditu hainbat plazentziatarrek euren buruari ezarri dizkioten erronkak