Gaurtik aurrera jaso daitezke txapak

Belarriprest eta Ahobizi txapak.

Gaurtik aurrera eta azaroaren 18ra bitartean, herritarrek aukera dute Belarriprest eta Ahobizi txapak jasotzeko, egunero (astegunetan) udaletxeko harreran (goizetan) edo Euskaraldiaren Santa Anako lokalean (arratsaldetan). 

Bi aste eskas falta dira hizkuntza ariketa hasteko eta hala, izena eman duten herritarrek dagoeneko aukera dute Belarriprest edo Ahobizi txapa eskuratzeko, egunero, goizez eta arratsaldez. Goizetan, udaletxeko harreran emango dituzte txapak, 09:00etatik 14:00etara bitartean, eta, arratsaldetan, berriz, Santa Anako lokalean edo kalean jarriko den mahaian, 17:30etik 19:30era bitartean.

Gaur gaurkoz, 215 plazentziatarren eman dute izena ariketan eta horiekin batera datozen egunetan izena emango duten herritar guztiek izango dute hautatu duten rolari dagokion txapa eskuratzeko aukera azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean ariketa burutu ahal izateko.  

Bestalde, Euskaraldian izena eman duten Soraluzeko 38 entitateei ere, datozen egunotan banatuko zaizkie Ariguneak izendatzeko identifikagarriak, "euskaraz lasai egiteko gunea" leloa daroatenak. 

Izena eman nahi duten herritarrek Euskaraldia.eus webgunean eman dezakete izena edo nahiago izanez gero, arratsaldetan Euskaraldiaren Santa Anako lokalera edo kalean ipiniko diren mahaietara hurreratuta.